Hautes mahaien %85ek datuak online jarriko dituzte

Euskalerria Irratia 2015ko api. 9a, 09:32

Parlamenturako eta kontzejuetarako hauteskundeak antolatuko dituen Nafarroako Gobernuko departamentu arteko batzordea eratu da gaur.

Maiatzaren 24ko hauteskundeetako 966 mahaien %85ek datuak on-line bidez igorriko ditu. Modu horretan, zenbaketa bizkorragoa izanen da eta emaitzak lehenago jakinen dira. Parlamenturako eta kontzejuetarako hauteskundeak antolatzeko batzordea eratzeko bileran hala erabaki dute.

Lehendakaritzako, Justiziako eta Barneko kontseilari Javier Morras izanen da batzordeburua, eta bertako kide izanen dira Lehendakaritza eta Justiziako José Luis Ruiz, Informatika eta Telekomunikazioetako Valentín Elizondo, Toki Administrazioko Francisco Pérez eta Komunikazioko Edurne Elío; Lehendakaritzako, Justiziako eta Barneko idazkari nagusi tekniko José Gabriel Iriarte ere batzordekide izanen da, bai eta Hauteskunde Bulegoko koordinatzaile José Luis Remón ere, idazkari modura.

Maiatzaren 24ko hauteskundeetan, 478.000 nafarrek botoa emateko eskubidea izanen dute 439 hauteslekutan, eta bertan 996 mahai jarriko dira. Iruñean jarritako 100 elektronikoki administratuko dira, hau da, informatikako tresnak izanen dituzte eta, haien bidez, mahaikideen lana erraztuko da.

Gainera, 234 tableta elektronikok 723 hauteskunde-mahairi zerbitzua emanen diete, mahai bakoitzeko gailu bat, gutxi gorabehera. Gainerako mahaiek, 143, telefono bat izanen dute zenbaketako emaitzen berri emateko.

Datu guztiak Madrilgo IFEMA azoka-barrutian jarritako informazioa biltzeko zentrora bidaliko dira. Handik, komunikazioetarako zerbitzari baten bidez, Internet bidez emango dira zenbaketak aurrera egin ahala, eta baita aldian aldiko prentsaurrekoen bidez ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!