Uxue Barkos izanen da zerrendaburua, eta haren atzetik joanen dira Manu Aierdi, Koldo Martinez, Unai Hualde eta Virginia Aleman. Zerrendako azkena Daniel Innerarity filosofoa izanen da. Tartean, hainbat herritako alkategaiak eta bestelako hautetsiak izanen dira.
Barkosek “ohoretzat” jo du halako zerrenda baten burua izatea, eta haien helburua dela “aldaketa integratzaile, sakon eta iraunkorra lortzea”. Foru presidentegaiak azpimarratu du aldez aurretik ez dutela inolako marra gorririk jartzen aldaketa horretako partaide izan daitezkeen indarrei begira, baina halaber zehaztu du ez dutela “beste mota bateko aldaketarik” onartuko. “Ez dugu nahi Nafarroa hautsi bat, txirotzea eragin dezaketen politikak eginen dituena, baina ezta bere kulturaz eta bere historiaz harro ez dagoen Nafarroa ere”.