Sanz eta Miranda auzitara eramanen ditu Kontuz-ek

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 16a, 12:18

Prebarikazioagatik salatuko ditu, Osasunaren auziaren karietara

Nafarroako presidente ohia Miguel Sanz eta Ekonomia kontseilari ohi Alvaro Miranda prebarikazioagatik salatuko ditu Kontuz zergadun elkarteak, Osasuna auziaren karietara.

Zigor salaketa Sanz eta Mirandaren aurka jartzeaz gainera, Jose Ignacio Perez de Albeniz, Patxi Izko eta Angel Bizkai ere eramanen ditu epaitegietara Kontuzek.

Osasuna auzian, partida erosketa pasadizo huts bat ez delakoan daude Kontuzen, besteak beste, funtzionario publiko eta politikariak daudelako nahastuta. Osasuna ustelkeriaren putzuan murgiltzeko Gobernuko norbaiten laguntza izan bazuten, auziak epaitegietan bidea eginen duela ohartarazi du taldeak.

Futbol klubaren egora penagarriaren erantzule nagusia Nafarroako Gobernua izan dela salatu du Kontuz-ek, eta zehazki, UPN jo du erantzuletzat. Horrez gain, PSNk eta PPk ardura handia dutela azpimarratu dute. Nafarroako Fiskaltzaren jarrera ere salatu dute, "geldotasun lotsagarriarekin" jokatzen ari dela eta.

Osasunaren erreskate legea onartu zutenei erantzukizunak eskatzeko aukera ere aztertzen ari da Kontuz, lege hori onartu aurretik behar bezalako auditoria zorrotz bat eskatu ez zutelako. Osasunak 53 milioi euroko zorra zuen Nafarroako Ogasunarekin. Zor hori kitatzeko legea UPNk, PSNk eta PPk onartu zuten joan zen udazkenean, eta horren bitartez zorraren zati handi bat klubaren ondasunekin ordainduz kitatzeko aukera eman zioten, kanpo txostenik eskatu gabe.

Osasuna auziaren eskandalua ez da partidak erostearekin amaitzen, azpijoko eta trikimailu asko daudela uste dute. Horregatik, Fermin Otamendi epailearen eskuetara iritsiko da salaketa hau Zamoraren ustez, eta auzi orokorraren barruan aztertuko duelakoan dira. Prebarikazio susmoaz gainera, delitu sozietarioak ere izan daitezkeela uste dute.

Kontuz elkarteak iragarri du herri akusazio modura aurkeztuko dela Osasuna auzian, eta salaketa bat aurkeztuko duela Nafarroako eta Osasunako agintari ohi horien aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!