Arregi eta Berruetaren senitartekoek biktimekiko errespetua eta aitortza exijitu dute Parlamentuan

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 10a, 14:05

Erail zituzteneko egun latzak ekarri dituzte gogora eta justiziak bidegabe jokatu duela nabarmendu dute.

Mikel Arregi 1979ko azaroaren 11ean hil zuten Guardia Zibilek Etxarri Aranatzen, eta bertsio ofizialak esan zuen kontrol bati ihes egin ziola. Garaiko ikerketa batzorde batek argi utzi zuen bertsio hura gezurra zela. Epaitegiek gainera baieztatu zuten hori. Dena dela, egileei bi hilabeteko zigorra ezarri zieten.

Arregiren arrebak, Txaro Arregik azaldu du gertaera. Ziorditik Lakuntzara itzultzen ari zen Mikel autoz lau lagunekin batera. Guardia Zibilek tirokatu zuten. Garaiko lekuko ugariren arabera, guardia zibilek kontrola kenduta zuten ordurako. Handik gertu zen anbulantzia bateko gidariak ere lekukotasun hori eman zuen.

Gertaera hark familiari eragindako mina handia izan dela jakinarazi du Txaro Arregik. Esan du, haren ama egun hartan hil zela, Mikelen hilketaren kolpea ez zuelako gainditu. Parlamentura joatearen helburuetako bat bete dutela uste du Mikel Arregiren arrebak. Herritarrei jakinaraztea zer gertatu zen duela 35 urte.

Erasoak monolitoari

Arregiren omenez Jose Ramon Anda artistak eskultura egin zuen, Sakanako kooperatibaren laguntzaz. Urtebeteko lasaitasuna baino ez zuela izan aitortu dute senitartekoek. Hainbat lehergailu jarri zituzten ezezagunek, eskultura eraitsi asmoz.Urte luzez egin dute eraso bere memoriaren aurka Iosu Imaz Mikel zenaren lagunak esan duenez.

Parlamentariek babesa eta elkartasuna eskaini diete

Alderdi guztien ordezkariek elkartasuna adierazi diete Mikel Arregiren senitartekoei. Bilduk, Aralarrek eta Izkierda-Ezkerrak eskatua zuten lan saioa.  Estatuaren indarkeriaren adibide dela nabarmendu dute eta egia azaleratuko duen ikerketa baten beharraz ohartarazi. Parlamentua egituratzen ari den lege berrirako baliagarria den lekukotasuna dena nabarmendu dute, edozein indarkeria pairatu duten biktimen aitortza ekartzeko.

PSNk babesa eskaini die, baina gaineratu du, ezer gutxi egin daitekeela gaudenetan egonda. UPNko eledunak elkartasuna adierazi die eta nabarmendu du inoiz gertatu behar ez zen hilketa izan zela Mikel Arregirena.

Hamaika urte Angel Berruetaren hilketaz

Madrilgo 2004ko martxoaren 11ko atentatuen ondotik, bi egunera izan zen Angel Berrueta Donibane auzoko okinaren hilketa. Egun hartan, eguerdian Berruetaren alargun Mari Carmen Mañasek denda utzi zuen eta etxean zela ondoko denda bateko dendari batek deitu zion ordu laurdenera. Berehala itzultzeko okindegira esan zion, tiro batzuk egon zirela. Hasieran, lapurreta izan zela uste zuten, baina polizia eta anbulantzia kopuruak ikusita zerbait larriagoa bazela sumatu zuen. Hala azaldu du Mañasek. Gaineratu du, okindegian sartzen ez ziotela utzi. Kaotikoak izan zirela ordu haiek. Ospitalera joan bitartekoak batez ere. Ospitalean ere ordu asko igaro ziren, mediku batek gertatutakoa azaldu zien arte.

Etengabeko mehatxuak izan dituzte senitartekoek

Berrueta aihotz batek eragindako zauriengatik eta ondorengo tiroek eragindakoengatik hil zen. Alargunak herritarren babes zabala goraipatu du. Beste aldetik salatu du mehatxuak jaso zituztela hasieratik: telefono dei ugari eta okindegian pintaketa eta idazki asko.  Erakundeetatik jaso ez duten babesa ere azaleratu dute.  Mañasek gogoan ekarri du "justizia erdizka" jaso dutela.

Berruetaren alabak hartu du azkenik hitza. Parlamentariei eskatu die Parlamentuak ezein biktima ez baztertzea, bestela zauriak ez direlako itxiko. Biktimen aitortza eskatu du, guztien artean egiaren oihal kolektiboa josteko.

Parlamentuko ordezkariek kasu honetan ere, Mikel Arregirenarekin bezala, elkartasuna eta babesa eskaini diete senitartekoei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!