Angel gogoan plataformak Angel Berrueta zenaren hilketaren nondik norakoak argitzea eskatu dute. Horrekin batera justizia, aitortza, egia eta ordaina ere beharrezko jo dituzte Berruetaren senide, lagun eta bizilagunek. Martxoaren 13an beteko dira hamaika urte Espainiako poliziak tiroz erail zuela Donibane auzoko okina.
Gaur Parlamentuan, ostiralean kalean
Senitartekoek, lagunek eta bizilagunek Berruetaren memoria bizi mantentzeko ekimenak antolatu dituzte ostiralerako, hil zuteneko urteurrenarekin batera Berrueta zenaren duintasuna nabarmendu eta senitartekoei elkartasuna adierazteko.
Hamaika urte dira gertatutakoaren inguruko egia osoa jakin nahian dabiltzala Plataforman: "Oraindik bada jendea dioena bizilagunen arteko eztabaida izan zela, nahiz eta jakin, arrazoi politikoengatik planifikatutako hilketa bat izan zela", nabarmendu dute. Aitortza ere ezinbesteko jo dute, "erakundeengandik eta bereziki Nafarroako Gobernuarengandik aitor dezatela gertatutakoa, eurak baitira egia eta justiziaren defendatzaile". Gainerako biktimek merezi duten "ordaina" Berruetarentzat ere eskatu dute.