"Nire anaia pertsona xaloa, umila, parte hartzailea eta ekintzailea zen". Txaro Arregik horrela gogoratu du Mikel Arregi. 1979ko azaroaren 11n hil zuten guardia zibilek, Etxarri Aranatzen, eta bertsio ofizialak esan zuen kontrol bati ihes egin ziola. Garai hartako ikerketa batzorde batek argi utzi zuen bertsio hura gezurra zela, eta epaitegiek baieztatu zuten ikerketa hura, baina egileei bi hilabeteko zigorra ezarri zieten.
"Nire ama egun hartan hil zen, kolpe hura ez baitzuen gainditu". Halaxe laburbildu du Arregik azaroaren 11ko gertaera hark familiari eragindako min guztia. Sakana kooperatibako sortzaileetako bat zen Mikel Arregi, Lakuntzako herriko taldean futbolari zen, eta lehen udal hauteskundeetan HBrekin aurkeztu zen ilusio handiz "herriak udal erabakietan parte hartu ahalko zuelako".
Ziorditik Lakuntzara itzultzen ari zirela guardia zibilek tirokatu zuten 1979ko azaroaren 11ko gauean. Orduko lekuko ugariren arabera, guardia zibilek kontrola kendua zuten ordurako. Handik gertu zen anbulantzia bateko gidariak ere "guardia zibilei esan zien nolatan egin zuten halakorik".
Iosu Imazen arabera, heriotzaren ondoren, greba orokorrera deitu zen, eta Iruñean elkarretaratze bat egin zen Udaletxeko plazan. "Kaleak itxi zituzten, eta han zirenak jo zituzten poliziek. Ez zuten utzi amaitzen bertan egindako biltzarra, eta parlamentariak ere jo zituzten. Erantzuna handia izan zen oso, eta jazarpena ere, etengabea".
Imazen arabera, ikerketa batzordea osatu zen, "egia atera eta auzibidea irekitzeko nahikoa froga biltzeko asmoz". Lekukoekin hitz egin eta ateratako ondorioekin, 1981eko irailean epaiketa egin zen. "Asebete gintuen, ikerketa batzordeari arrazoi eman ziolako, baina gero zigorra etorri zen, eta arduragabekeria arrunta egotzita bi hilabeteko zigorra ezarri zieten. Edozein pertsona bi minutuz gogoeta eginez gero jabetu daiteke justizia zenbateraino den inpartziala".
Arregiren omenez, Jose Ramon Anda artistak eskultura bat egin zuen, Sakanako kooperatibaren laguntzaz. "Urtebeteko lasaitasuna baino ez zuen izan". Hainbat lehergailu jarri zituzten, eskultura eraistekoi asmoz. Gainera, iaz Dignidad y Justicia taldeak salaketa jarri zuen bere irudi bat kentzeko eskatuz Administrazioarekiko auzitegian. "Urte luzez egin diote eraso haren memoriari", esan du Imazek. Imaz eta Arregiren arabera, egileen aurkako zigor txikiaren zein eraso horien ondorioz "biktima diferenteak" diren irudipena dute, eta ezintasun sentipena ere badute.
Berrueta sendiaren testigantza hunkigarria
Angel Berrueta okinaren hilketaren nondik norakoak nahiko ezagunak izanagatik, Mari Carmen Mañas alargunaren lekukotasun pertsonalak hunkidura eragin du. 2004ko martxoaren 11ko atentatuen ondotik, bi egunera izan zen hilketa. "Hainbat komunikabide eta alderdik ETA izan zela zabaldu zuten, baina ordurako bagenekien talde islamistak izan zirela. Hala ere, guztien aurka joan behar zen mezua eman zen".
Egun hartan, eguerdian Mañasek denda utzi zuen, eta etxean zela ondoko denda bateko dendari batek deitu zion ordu laurdenera: "Berehala etortzeko esan zidan, tiro batzuk egon zirela. Lapurreta izan zela uste nuen, baina polizia eta anbulantzia kopuruak ikusi nituenean ikusi nuen zerbait gehiago zela". Ez zioten utzi sartzen, baina azkenean lortu zuen: "Han zen bere gorpua, medikuz inguratua. 'Zer gertatzen da?' galdetuta, ez zidaten ezer esaten".
Lehen une, ordu eta egunen testigantza gogorra egin du. Oroitu da nola senideak "bahitu" egin zituzten ordu batzuz denda batean ezer ikus ez zezaten. Era berean, beilatokian zirenean, kanpoan poliziak gogor oldartzen zitzaizkien han zirenei. "Ikaragarria izan zen. Jende asko ezin izan zen etorri beldurrez. Ordu luzez beilatoki barruan izan eta kanpora atera ginen atseden hartzeko asmoz, eta lasterketa haiek, kaos hura, ikusi genuenean galdetzen genuen zergatik hau dena. Jendea gu babestera zetorren!". Gogoan hartu du beilatokian ziren beste familiak ere ez zituztela errespetatu.
Mehatxuak jaso zituzten hasieratik: "Gauerdian telefono dei bat jaso nuen. Oso hitz itsusiak ziren. Gure familiaren atzetik joango zela esan zigun, eta banan-banan hilko gintuztela eta azkena ni izango nintzela. ‘Nola esan dezakezu hori? Nor zara?’, galdetu, eta hark: "Polizia bat naiz".
Alargunak salatu du mehatxuak jasaten orain lau urtera arte jarraitu dutela. Aitziber Berrueta alabak gaineratu du salaketak publikoki egin dituztela eta Udaltzaingoari jakinarazi. "Guztiak atzera bota dira. Inor ez bada horretaz jabetu, nahi izan ez duelako da".
Mañasek gogoan ekarri du "justizia erdizka" jaso dutela. Hilketa haren bultzatzailea, Maria Pilar Rubio, ez zuen zigortu justiziak, eta haren senar poliziak zein semeak hogei eta hamabost urteko zigorrak jaso dituzte hurrenez hurren. "Horrelako hilketa batek erdizkako justizia izatea ez da bidezkoa, deseroso gaude".
Berruetaren alabak parlamentariei eskatu die parlamentuak ezein biktima ez baztertzea, "bestela zauriak ez direlako itxiko". Biktimen aitorpena eskatu du, guztien artean "egiaren oihal koletiboa josteko". Azkenik, errespetua eskatu du. "Egin ezazue ahal duzuen guztia zauriak ixteko".