Gaur amaituko da aurre-matrikulazio epea

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 9a, 10:55

Hiru urteko haurren 6.700 familiak ikastetxea hautatu ahal izateko epea gaur amaituko da. D ereduaren aldeko apustua egitera deitu dute hainbat udal euskara zerbitzuk, NIZE ikastetxe publikoen elkarteak eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak.

Aurre-matrikulazio kanpainaren aurkezpenean, Jose Iribas hezkuntza kontseilariak aukeraketa askatasunaren aldeko aldarria egin du. Haatik halaber iragarri du ez duela D eredu publikoa ikastetxe gehiagora eramanen 2015-2016 ikasturtean. Aitzitik, ingelesezko PAI eredua bai, hori zabalduko du, ikasturte berrian 16 ikastetxe berrira iritsiko baita. Egun Nafarroan 218 ikastetxe daude. Horietako 107tan izanen da ingelesezko eredua 2015-2016an. 0-3 urteko zikloan, aurre-matrikulazio epea martxoaren 2tik 17ra izanen da zabalik.

D eredua, eskertuko dizute

Eraman itzazu seme-alabak D eredura, eskertuko dizute eta. Horixe da Nafarroako hainbat udaletako euskara zerbitzuek abian jarri duten kanpainaren mezu nagusia.

Ideia horretatik abiaturik, bideo bikaina egin dute. Bideoaren protagonistak Sadatarrak dira, Albaro eta Oskar anaiak. Txikitan, guraso erdaldunek D eredura eraman zituzten. Albarok dio horri esker baloreetan oinarrituriko kalitatezko heziketa jaso zuela. Oskarrek, bere bizitza pertsonalean zein profesionalean hori giltzarria izan dela. Bion artean, gurasoei festa antolatzen diete, egindakoa eskertzeko. Oskarren kasuan, mutil jatorra eta eskuzabala dela ziurta dezakegu, urtetan kolaboratu baitu Euskalerria Irratiarekin.

Eskerrik asko, euskara teknikariok, bideo ederra egin duzue eta. Honatx kanpainan parte hatru duten udal euskara zerbitzuak: Agoitz, Antsoain, Aranguren Ibarra, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Esteribar, Etxauri, Galar Zendea, Gares, Oltza Zendea, Orkoien, Sakanako Mankomunitatea, Uharte eta Zizur Nagusiko Kultur Patronatua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!