Espainiaren historiako gobernu progresistena, PSOE buru, bere papera betetzen ari da: miseria kudeatu, kapitalaren interesak bermatu eta errepresioa egonkortzen. Ezkerreko eskuarekin batzuetan, eskuinarekin besteetan. Badirudi batzuentzat apurrak nahikoa direla gobernuari babesa eman eta garrantzitsu sentitzeko. Blokea mantendu behar omen da, Vox boterera hel ez dadin.
Triunfalismoa etsigarria da eta errekorren bolada honetan hamaika aldiz ikusi dugu harturiko neurriak antzuak direla.
Argindarrari dagokionez, kontsumitzaileak 2018an baino %21 gehiago ordaindu du aurten.
Lan erreformak behin-behinekotasuna estatistikoki estaliko du, baina ez du harekin bukatuko. Malgutasunaren izenean enpresek barra librea edukiko dute langileak oin bat enpresan eta bestea kanpoan eduki dezan, eta kanporatzeak oso merkea izaten jarraituko du, beste gauza askoren artean.
Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 35 euro igo dute. %3,6ko Igoera izango litzateke, baina urte arteko inflazioa %6,5ekoa da. Ederra pagotxa, mileurista pribilegiatu izango da laster.
Honek George Orwellen “1984” distopiaren gero eta antza gehiago du. Gobernuak harro iragartzen du txokolate errazioa 20 gramora igo dela, aurreko astean 30 gramokoa zenean, eta jendeak erraztasun osoz digeritzen du, animalia baten inozokeriaz.
Gaztela eta Leondik faxista hotsak datoz. Aurka egin diezaiekeena, ordea, ez da inondik inora ezkerreko gobernua, langileria antolatua baizik.