Munduko Osasun Erakundearen arabera, estresa omen da XXI. mendeko gaitza edo epidemia. Haien esanetan 10etik 9ri eragiten dio eta, besteak beste, presaka bizitzearen eta hiperkonektibitatearen ondorioz gertatzen da. Arrazoi horiez ohartzeko nahikoa da gure ingurura edo geure buruari begiratzea, baina zenbakiek atentzioa eman didate: gizartearen %90 bizi da edo gara estresatuta? Duela urte batzuk irakurri nuen Iñigo Martinezen Mandamentu hipermodernoak saiakera eta asko lagundu zidan sistemak oharkabean ezartzen dizkigun eginbeharrez hausnartzen, baita haien ondorioez ere; esaterako, estresa. Autore gasteiztarrak 19 mandamentu hipermoderno deskribatzen ditu bere liburuan eta, adibidez, hauek dira lehen hirurak: bila ezazu berriena!, bidaia ezazue! eta ez ezazu denborarik galdu!. Horrela biziz gero, nola ez da, ba, gaixotuko jendea? Izan ere, supernia nagusi eta hiperprodukzioa bizibide diren garaiotan denetik egin behar dugu, geure kabuz eta intentsitate handiz egin behar ere, gainerakoan ez omen garelako bizitza bizitzen ari. Hala dioskue, eta guk bete egiten dugu. Gauzak horrela, arratsaldea etxean liburu bat irakurriz pasatzea erresistentzia ariketa bihurtu da, eta lagun bati hark behar duen beste denbora eskaintzea elkartasun-ekintza. Etxeko edo inguruko nagusiez arduratzeaz, badaezpada, ez dut hitz erdirik ere esango; hori erokeria! Hori guztia ikusita, agian, momentu batez bada ere, bizitza esaten diogun gurpil zoro horretatik salto egin eta zera galdetu beharko genioke geure buruari: zertan ari gara?