Etendako hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala 2026ko martxoaren 6a

“Azken 200 urteetan % 60 egin du behera gizakiaren eta naturaren arteko loturak”. Ondorio hori atera du Ingalaterrako Derby unibertsitateko ikerketa-talde batek 1800. urtetik gaur egun arteko datu historikoak aztertu ondoren. Earth zientzia-aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren ondorioak, eta horietako batek hizkuntzari egiten dio erreferentzia. Honako hau da datua: naturari lotutako terminoen erabilera % 60,6 gutxitu da 1800etik 2020ra. Gogor inarrosi zidan gogoa datu horrek, eta nire etxera begira jarri ninduen.

Baserri batean jaio eta hazitakoa naiz, nire aita jaio eta hazi zen baserri berean, baina aita baino 34 urte beranduago. Eta 34 urte horiek nahikoa izan dira bion artean ikaragarrizko etena gertatzeko landa-eremuari lotutako lexikoari dagokionez. Batzuetan, propio botatzen dizkiot hitz edo anekdota batzuk, berak zerbaitekin harrituko nauen esperantzan. Esaterako, aurrekoan aipatu nion nire ikasleei esan eta esan ari natzaiela euskaraz nagi esateko hitza alfer dela, eta ez alper; alper hitza badela euskaraz, baina nekazariek lurra zapaltzeko erabiltzen duten tresnari esaten zaiola. Zera esan zidan orduan: “Gurien horri txilindrue esan ixen dotsegu beti. Batzuek narra be esateotsien”. Hiztegira jo nuen eta hor dago narra, alper hitzaren sinonimo gisa. Txilindro konturik ez, ordea.

Beste batzuetan, aldiz, berak botatzen dizkit oharkabean, 38 urte eta gero, oraindik berriak zaizkidan hitzak. Atzo bertan, adibidez, fumigatzeko tresnari eragin eta eragin ari zela, honako hau bota zidan: “Hemen nabil ustauei botikie eitten, bedar txarrak die eta”. Orduan ere hiztegira jo nuen, eta hantxe dago uztao hitza, baratze eta soroetan belar txartzat hartzen den landare gisa. Eta zenbat halako? Zenbat ote dira naturari estu lotuta bizi zirenenek erabiltzen zituzten eta porlanetik gertuago hezi garenoi iritsi ez zaizkigun hitzak?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!