Aritzea nahikoa zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala 2026ko otsailaren 6a

Artikulu oso interesgarria idatzi zuen Alaitz Zabaletak euskararen erabilerari buruzko 31 eskutik blogean duela astebete. Bertan, gure albo-erdara indartsuen eraginez, euskara bizitzen ari den arrozte- eta pobretze-bidearen sintomak azaldu eta adibideak jarri zituen. Albo-erdara horietatik maileguak eta kalkoak abailan hartzen aritzeaz gain, gaztelaniak ez dituen baliabideak euskaratik kentzen ere ari garela ohartarazi zigun itzultzaile leitzarrak. Adibide gisa, elkar izenordain elkarkaria eta bera/berdina bikotea jarri zituen: gaztelaniak izan edo bereizten ez dituenez, ba, euskaraz erabiltzeari utzi diogu.

Aipatu artikulua irakurri ondoren, pilotaren munduan sarri entzun ohi dugun zerbait etorri zitzaidan gogora: txapela irabazi. Izan ere, norbait txapelketa batean nagusitzen denean eta txapela janzten diotenean, “txapela irabazi du” esan ohi da gaur egun. Aldiz, haurra nintzenean zera entzuten nuen orduko entrenatzaileen zein frontoiaren bueltan zebiltzanen ahotik: “txapela atera du”. Atera, ez irabazi. Lehiaren gizartean, ordea, irabazleak eta galtzaileak behar ditugu, antza.

Lehia gose horren eta albo-erdarekiko morrontzaren beste hizkuntza-ajeetako bat, agian, jolastu aditza desagertzeko bidean egotea izan daiteke. Izan ere, haurrek jolasteari ere utzi diote eta jokatu baino ez dute egiten orain. Guri, haurrak ginenean, “ibili harrapaketan” edo “egin pilotan” esan ohi ziguten: ibili, egin, ez jokatu. Orduan, aritzea bera nahikoa baitzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!