Aurreko zutabean, lider hitzak eta bere erabilerak sortzen didan ezinegonaz hitz egin nuen. Gaurkoan ere bide beretik joko dut, baina oraingo honetan kondenatu aditzari helduko diot. Izan ere, politikarien diskurtsoetan zein hedabideetako iritzietan egunero agertzen zaigun hitza da; baina, zer dago etengabeko erabilera horren atzean?
Tradizioan, kondenatu aditza zuzenbideari eta erlijioari lotuta erabili izan da batez ere, nola epaiketa batean zigor jakin bat ezartzeko, hala Jainkoak norbait infernura agintzeko. Legea eta morala. Azken hamarkadetan, ordea, gaitzespena adierazteko atergabeko baliabide bihurtu da. Edo bihurtu dute esan beharko nuke? Izan ere, ustez kondenatzekoa den gertaera baten aurrean, adierazgarria iruditzen baitzait zer edo nor gaitzetsi ohi dugun, baita nola ere. Esaterako, eraso matxista bat gertatzen denean, jazarpena edo agresioa bera kondenatzen da; baina horren iturburu eta eragile den patriarkatua ez. Lan istripu baten ondorioz langile bat hiltzen bada, ezbeharra gaitzesten dugu; baina ez horren erantzule den egiturazko lan-prekarietatea. Alderdi politiko baten kontrako pintadak agertuz gero, kondenatu egin behar dira; nahiz eta alderdi horrek egindako osasun-politikek jendea hil, politikak ez baitira kondenatzen. Horrek guztiak trile jokoa ekarri dit gogora. Bertan, trileroak hiru gandola ziztu bizian mugitzen ditu eta, behin mugimenduak eginda, ikusleak pilotatxoa non dagoen asmatu behar du. Bada, asma ezazue zuek orain, nor den trileroa, nor garen ikusleak eta, nor baino, zer ari garen seinalatzen. Kondenatzen.