Euskal kultur sortzaileek bizi duten errealitate gordinaren bueltako datu harrigarri bezain argigarriak aurkeztu zituen Lanarteak, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, duela urtebete egin zuen Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkesta hartan. Azaldu zituzten datu haien guztien artetik, batez ere batek eman zidan atentzioa, hizkuntza hautuaren araberako diru-sarrerei zegokienak. Honako hau zen datua: 2023an soilik euskaraz jardutea erabaki zuten sortzaileek 4.717€-ko irabazi garbiak izan zituzten batez beste; euskaraz eta erdaraz sortzea erabaki zutenek, aldiz, 9.672€-koak. Bikoitza. Hau da, berez prekarioa den sektore batean, euskararen aldeko hautua egiteak egoera are prekarioago batera daramatza sortzaileak. Eta norbaitek pentsatuko du: zertarako gogora ekarri gaur duela ia urtebete aurkeztutako inkesta bateko datuak? Bada, euskarazko sortzaileek bizi duten egoera gorria aintzat hartuz gero, are aitortza handiagoa egin behar zaiolako Saioa Alkaiza Guallar sortzaile iruindarrak berriki hartutako erabakiari: literatura sorkuntzara bideratutako Igartza Sariari, 10.000€-ko laguntzari, uko egitea; sari horren finantzatzaile nagusietako bat Israelekin hari eta negozio zuzenak dituen Beasaingo CAF enpresa dela arrazoitu du. Zera zioen sortzaileak bere erabakiaren harira: “Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu”. Prekario bai, baina zintzo. Emacume versolariyen ventajac izeneko aspaldiko bertso-paper batek honako hau dio bertsoetako batean: “surtan jartcian probatutcen da, nolacua dan eltcia”. Bada, Saioak argi erakutsi digu bereak ez duela pitzadurarik. Bejondeiola.