Egon edo egin

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala

Egon eta egin: idazkeran zein azentuan oso gertu, baina adieran nahiko urruti dauden aditz bi. Lehena, estatikoa; bigarrena, aldiz, dinamikoa. Euskararen bueltako iritzi eta diskurtsoak agertzen direnean, argi identifika dezakegu bien arteko aldea. Adibidez: zer erantzungo luke euskal herritarren gehiengoak “euskararen alde ala aurka zaude?” galdera egingo bagenio? Seguru asko, gehienek alde daudela erantzungo lukete. Baina pertsona horiei berei “euskararen alde zer egiten duzu” galdetuko bagenie, zer?

Gai honen bueltakoak duela astebete Berriak Maria Chiviteri egindako elkarrizketa irakurriz etorri zitzaizkidan gogora. Bertan, zera zioen Nafarroako Gobernuko lehendakariak euskarak Nafarroan bizi duen egoerari eta zenbait herritarrek duten kontrako iritziari lotuta: “ez genioke mesede handirik egingo inoiz egon ez zen tokietan inposatuko bagenu”. Inposatu, euskararen normalizazioari buruz hitz egiteko orduan, erdal militanteen ahoetan arrakasta handia duen aditza hori ere. Bada, uste dut komenigarria dela argitzea hizkuntza bat ez dela lurralde batean egoten, egiten baizik, zehatzago esanda, hitz egiten; hizkuntza bat, nonbait egotekotan, pertsonen edo hiztunen gogoetan baitago.

Horri lotuta, eta Euskaraldiaren azken egunetan gaudela aprobetxatuz, Iñaki Segurola zenaren hitzok ekarri nahiko nituzke gogora: “(...) bada garaia jakiteko hizkuntza bat ez dela galtzen honegatik edo hargatik, baizik-eta dakitenek, egin beharrean, eduki egiten dutelako”. Egon edo egin, hor dago koxka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!