Galtzen

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala 2025ko mar. 28a, 13:13

Lankide ohi batek beti esan ohi zidan kirolaren mundua eta, batez ere, kirol kazetaritza euskarazko kalko okerren emari amaigabea direla. Agian, horren adibiderik ezagunena eta kirol ekitaldi guztietan, bai gazteen, bai zaleen ahoetan entzun dezakeguna gaztelaniari hitzez hitz erositako «Goazen!» («Vamos!») litzateke. Andoni Egañak honako hau zioen duela hilabete batzuk hitz horren erabileraren harira idatzitako zutabean: «Auskalo noiz, aldatu egin zen «Goazen!» horren erabilera. Kirol arloari eragin zion hasieran. «Goazen Erreala, goazen txapeldun!». «Goazen ekipo!». Adin batetik aurrerakoak, jokalariek nora joan behar zuten ulertu ezinik geratzen ziren». Ba, gaur egungo euskarazko kirol kazetaritzan ikus eta entzun ditzakegunen artean, bada atentzioa ematen didan eta gero eta zabalduago dagoen beste joera bat: galdu aditzaren ordez, erori erabiltzea. Esaterako, gaur eguerdian telebista piztu eta ETB1eko albistegia ikusten baduzue, litekeena da hau entzutea kirol tarteko aurkezlearen ahotik: «Atzo 3 eta 0 erori zen Osasuna Bartzelonaren zelaian». Erori? Nora erori zen Osasuna? Inori ez al zaio albistegietan une oro erabiltzen duten molde hori guztiz arrotza iruditzen? Hori gutxi ez eta, aurreko batean, euskarazko irrati entzuneneko kirol tartean, are astakeria handiagoa bota zuten, berriz ere galdu aditza ordezkatu nahian edo: porrota erdietsi. Benetan? Badakit galtzetik gauza positiboak ere atera daitezkeela, baina ez dut uste porrotak erdiesterainoak direnik. Arazo handia da erdarekiko dugun morrontza, joerak hitzez hitz erosi eta gure hizkuntzarekiko sena galtzera ere garamatzana. Eta hor ez gara erortzen ari, ezta porrotik erdiesten ere. Hor, argi eta garbi, galtzen ari gara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!