Duela gutxi, LGTB mugimenduari lotutako irakurgaien bila nenbilela, Hiruki Larroxa-ko Ibai Fresnedok eta Egoitz Arbiol Albenizek 2021ean argitaratutako ikerketa-lan interesgarri bat aurkitu nuen sarean. Bertan, LGTB mugimenduak azken 50 urtean Hernanin izan dituen gorabeherak aztertu eta horien lekukotzak batu zituzten, eta garaiko Euskal Herriko zein mundu mailako testuingurua ere aintzat hartu. Irakurtzekoa. Hala ere, ikerketaz baino, ikerketa izendatzeko erabili zuten izenburuaz hitz egin nahi dizuet gaurkoan. Honako hau dio: “Noiz bukatzen da armairua?”. Galdera ederra.
Beti eman dit atentzioa “armairutik atera” esapideak: nondik dator? Zergatik armairua eta ez, esaterako, etxea? Bada, esapide hori hizkuntza anglo-saxoitik omen dator, zehatz-mehatz “to have a skeleton in the closet” (armairuan eskeleto bat izan) esapidetik. Dirudienez, pertsonak beldurrak eta kezkak gordetzen zituen tokiarekin lotzen zen armairua, baita aitortu ezinezko sekretuekin ere. Eta esapide horretaz baliatu omen zen Karl-Heinrich Ulrichs aktibista 1869an, errepresio sexuala sekretuan sufritzen ari ziren pertsona guztiak animatzeko beren izaera sexuala modu masiboan publiko egitera. 156 urte pasa dira ordutik, eta armairuak hor jarraitzen du oraindik.
Gaur egun, 6 hilabeteko haurra dugu gurean. Bere sehaskan egiten du lo, gure ohearen eta logelako armairuaren artean. Ohera begira dugu beti, gure magal goxoa baitu gustuko, ez armairua. Etorkizunean ere horrela izango ote da? Hala nahi genuke.