Gurea geroa plataformak gazteen osasun mentalari buruzko txostena aurkeztu zuen aurreko urtearen bukaera aldera. Bertan, Hego Euskal Herriko 16 eta 30 urte bitarteko 3.075 gaztek betetako inkestak aztertu eta ikerketak emandako emaitzak aurkeztu zituzten. Aurkezpenaren ondoren, hedabideetako lerroburu nagusiak honako datu honek bete zituen: hamar gaztetik seik pentsamendu suizidak izan dituzte. Izugarria. Hala ere, ikerketa berean ikus zitekeen beste datu bati erreparatu nahiko nioke gaur, seguru asko aurrekoarekin lotura zuzena duen bati: gazteen %55ek antsiolitikoren bat hartzeko beharra sentitu dute inoiz.
Datu hori irakurri nuenean, azken boladan hainbat frontoi eta futbol-zelaitan ikusten ari naizen argazkia etorri zitzaidan gogora: partida galdu berri duen umea bekozko beltzez eta haserre bizian, baita negar malkotan ere. Eta ondoan edo inguruan bere guraso bat (gehienetan, gizonezkoa), partida osoan umeak berak baino gehiago sufritu eta sufrikario hori umeari transmititu ondoren, haurra baino atsekabetuago. Zaldieroa-ren tira baterako moduko irudia: umea eta gurasoa triste, kopetilun, elkarren ondoan, haurra “sentitzen dut, aita, hurrengoan irabaziko dut” esanez.
Azkenaldian, asko hitz egiten da gazteek frustrazio sentimendua kudeatzeko duten zailtasunaz eta horrek sortzen dien estresaz; baina, agian, kudeaketa oker horren kausei erreparatuko bagenie, helduok ere agertuko ginateke argazkian. Beraz, izan gaitezen helduok heldu, ez daitezen, gure erruz behintzat, gazteak antsiolitikoetara heldu.