Gaixotasun kardiobaskularren ikerketarako 720.700€ batu zituen atzo EITB maratoiak. Aurten ez dut bertan parte hartu, baina hainbat ediziotan kolaboratzaile gisa aritutakoa naiz, bai kantuan, bai telefono deiak hartuz. Nork ez du, bada, duen hori emango gaixotasun larrien ikerketaren alde? Baina, era berean, aitortu behar dut kolaborazio horien guztien ondoren beti itzuli izan naizela etxera kilker bat belarri atzean kir-kirka nuela. Nire artean galdera bera errepikatzen nuen beti: zer esan nahi ote dit kilker honek? Bada, duela hilabete batzuk Abadiñon egon nintzen Iñurri-k, ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik minbiziaren akonpainamendua, formazioa eta dibulgazioa egiten duen euskal elkarteak, egin zuen hitzaldi batean. Bertan, hainbat lekukotasun eta ondorio interesgarri azaltzeaz gain, honako hausnarketa hau ere egin zuen Iñurri elkarteko kide batek: “Kuriosoa da osasunari lotutako gaitz edo arazoen ikerketarako maratoi solidarioak egitea eta AHTa egiteko, aldiz, denon poltsa publikotik milioikadak inbertitzea. Aizue, eta alderantziz egingo bagenu? Eta gaixotasunen ikerkuntzara milioikadak bideratuko bagenitu eta AHTa egiteko maratoi solidarioa egin? Era horretan, euskal herritarrek AHTa egiteko zenbateko interesa duten ere ikusiko genuke”. Beinke! Eta orduan ulertu nuen urtez urte belarri osteko kilker hark zer esan nahi zidan: behar bezalako osasun politika eta inbertsioak egingo balira, maratoi solidarioak korrikaldiak lirateke, ez diru bilketak.