AEBko hauteskundeek beti eman izan dute zeresana, are gehiago, 2016. urtea ezkero, Donald Trump hautagai denetik. Hori gutxi ez eta, aurten, Elon Musk ere batu zaio saltsara; biak baitira, Trump eta Musk, lapiko bereko indabak. Gordin samarrak, aukeran. Tesla auto ekoizlearen, X sare sozialaren eta bestelako negozioen jabe den handi-mandia sutsu aritu da lanean errepublikanoen aldeko kanpainan. Horrek hainbat eztabaida sortu ditu; nagusia, X sare sozialaren bueltakoa. Eztabaida horren harira, The Guardian eta La Vanguardia hedabideek sare sozial horretan dituzten kontuak ixtea erabaki dute; beren iritziz, desinformaziorako sare bihurtu baita. Hedabide batzuk beste bati desinformatzen aritzea leporatuz; haiek beren teilatuak itoginik gabe balituzte bezala. Kuriosoa. Hala ere, dena momentuan, erraz eta azkar izatea nahi den garaiotan, egia da zulo askotatik sartzen digutela ziria. Baina horren erantzule ez dira hedabideak edo sare sozialak bakarrik, baita gure kontsumismo azkar eta basatia ere. Hau da, gu ere, hein batean, desinformazioaren konplize bihurtzen gara askotan. Gu eta Gutarrak musika taldeak abestu ohi zuen: “nik ez dakit zer eskatzen duen herriak, notiziak ala berriak?”. Eta, agian, hori da lehenbizi planteatu eta egoki erantzun beharreko galdera; ez Xko kontua itxi behar dugun edo ez.