Askotan galdetu izan diot neure buruari noiz den ideia edo iritzi bat
politikoki zuzena, eta noiz ez; non dagoen eta, batez ere, nork ezartzen duen zuzentasunaren muga hori. Eta, galdera horien erantzunik izan ez arren, nola izan den iritzi-emailea gai, jendaurrean behintzat, autozentsura ariketa egiteko politikoki okertzat joko litzatekeen ideiarik gogora etorriz gero. Zoritxarrez, autozentsura gaitasun hori gero eta ahulago dago gurean, edo hala sumatzen dut. Azken egunotan, tabernan Athletikeko futbol jokalari batzuen bueltako komentario arrazistak entzutea, eta herriko mendi elkarteko Whatsapp taldean emakumezkoen aurkako indarkeria ukatzen duen mezu bat irakurtzea suertatu zait. Ez da kasualitatea.
Maialen Akizuri irakurri nion ez dagoela politikoki okerra esaten zaion
hori baino diskurtso hegemonikoagorik, eta, agian, arrazoi izango du. Kontua da, ingurukoen auzo-lotsak batzuetan, eta norberaren auto-lotsak besteetan, isilean, gordean, mantendu duten diskurtsoa izan dela. Baina, dirudienez, Frantziako eta Espainiako eskuin haizeek lotsa horiek guztiak ere harrotu dituzte gurean, zer-eta adierazpen askatasunaren izenean.
Harritzekoa da nola bihur daitekeen ustezko askatasun indibiduala
zapalkuntza kolektibo, eta, batez ere, kezkatzekoa halakoen aurrean agertu ohi den isiltasun konplizea. Gure gogoa bera nahiko genukeena edo agertzen duguna baino politikoki makurragoa delako ote?