Hobe da oilaskoa erreta

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala 2024ko ira. 20a, 14:04

AEBtako mendebaldeko kostaldera joan nintzen duela urte bi, beste
pilotari batzuk lagun, San Francisco eta Los Angeleseko euskal etxeetan pilota
partida bana jokatzera. Partida batetik besterako tartea hiru egunekoa zela
aprobetxatuz, bizitzan behin nahitaez bisitatu behar dela dioten hiri batera egin
genuen osteratxoa: Las Vegasera, lorik egiten ez duen hirira. Kuriosoa iruditu
zitzaidan hiria, basamortu baten erdian sortutako eraikin multzo erraldoia; dena
argiz betea, nola egunez hala gauez. Eta guztiaren oinarrian, jokoa.
Bada, Euskal Herrian ez dugu Las Vegasik, baina bai, bertan dabiltzan
askok bezala, arazo handi bat: jokoarekiko menpekotasunarena. Atzo bertan
irakurri nuen Nafarroako populazioaren %1ek, 6.500 nafarrek, jokoarekiko
menpekotasuna dutela. Hari horretatik tiraka, gai beraren bueltako EAEko
datuei erreparatu nien, eta are kezkagarriagoa da kontua, ehunekoak gora egiten
baitu: %2aren bueltakoa da. Ipar Euskal Herriko daturik, aldiz, ez nuen aurkitu.
Datuoi buruz hausnartzen nenbilela, Nevadahko basamortuko egonaldi
hartara joan zitzaidan gogoa; bertan, diskoteka bateko sarrerako ilaran, Oinatz
Bengoetxearekin izan nuen elkarrizketa batera. Guk ez baikenuen jokorako
interesik Las Vegasen, baina bai lorik ez egitekoa. Honakoa bota zidan lagun
leitzarrak: “Jokoa ez da errenta, Ibai; hobe da oilaskoa erreta”. Eta horrela da,
bai, pilotari izandakook ere makina bat pertsona ikusi baititugu frontoian,
apustuen munduan, direnak eta ez direnak galduz; baina aberasten inor ez.
Jokotik aberasten diren bakarrak, jokatzen ez dutenak baitira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!