Aspalditik badakigu Madrilen elurra egiten badu, Estatu espianiar osoan elurra egiten duela. Trafikoa M-30an gelditzen bada, mundu mailako arazoa da, eta Puerta del Soleko obra txiki bat egin behar badute, eztabaida nazionala sortzen da.
Orain, dozenaka cayetanoek istilu batzuk sortu dituzte Madrileko kale batean, eta kezka areagotu da Europa mailan.
Batzuen harridura xalotasunarekin nahasten da: nola da posiblea Poliziak manifestazio hori babestea? Kontxo, hori galdetzea ere...
Dena den, nik galdera justu horren aurrean kokatuko nuke: noren kontra egiten zuten protesta?
Ni egunero harritzen nauena da PSOEren bizirauteko gaitasuna.
Monarkiaren defendatzailerik onena izanik, errepublikano guztien sostengua lortzen du.
Hori gutxi balitz, enpresarien eta kapitalismoaren defendatzailerik onena izanik (ikusi, bestela, onartu dituen lan erreformak), ezkertiar guztien babesa jasotzen du.
Eta Espainiako batasuna bermatzen duen alderdia izanik, independentista guztien bozkak bereganatzen ditu. Atzo, gaur eta beti?
PSOEk denontzako goxokiak ditu, agian CayeBorrocan parte hartzen dutenentzat barne...