PSN, pazientziaren alderdia

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2023ko urr. 26a, 15:36

Aste honetan, enegarren aldiz, Iruñeko PSNko liderrak, Elma Saiz, bere pazientzia agortzen ari dela jakinarazi du. Komunikabide batzuk mehatxu politikoa ikusi nahi izan dute, batez ere Cristina Ibarrola alkatearen aurkako ekintza politiko baten atari gisa. Zentsura-mozioaren aukera aireratu da, nonbait, UPNri alkatetza kentzeko, uler daiteke... Baina nori emateko? Elma Saizek bere burua aurkezteko edo Joseba Asironi berriro aginte makila emateko?

 

Berdin da, elukubrazio hori urrunegi joatea da, pazientzia kontua besterik ez bada. Beste askori pazientzia aspalditik bukatu zitzaigun, baina ez UPNrekin, PSNrekin baino. Hori gutxi balitz, itxaropena ere ez dugu inoiz izan, bide batez esanda.

 

Antza, Elma Saizen pazientziak izan behar du iruindarrok begiratu beharreko termometroa hiriko etorkizun politikoa antzemateko. Bera baldin bada oso pazientea, UPNk jarraituko du agintean. Aldiz, Elmari bukatzen bazaio pazientzia, agian zerbait mugituko da.

 

Beraz, ulertu behar da hemen ez dela politikaz hitz egiten ari, edo hiriaren proiektuari buruz... Ba ez, pazientzia kontua omen da, baina pazientzia oso modu pertsonalean ulertuta: Elma Saizena.

Horixe da PSNren maila politikoa, pazientziaren alderdia bihurtu da, gauza on bat balitz bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!