Hiru urte eta bederatzi hilabete denbora luze edo motza izan daiteke. Adin batetik aurrera, pasadizo bat kontatzerakoan “orain dela gutxi” hasten bazara, agian norbaitek jakinaraziko dizu “eh, hori gertatu zen orain dela lau urte, motel”… Denbora azkar pasatzen omen da ezer berezirik gertatzen ez denean, edo errutina batean murgilduta bizi bagara.
Aitzitik, 18 urteko gazte bati egun bakoitzak aukera asko eskaintzen dizkio, hilabete bat oso epe luzea da, eta urte oso bat ezin da mugatu edo laburbildu hiruzpalau pasadizoekin. Bizitza pil-pilean dagoenean, ordu bakoitzak hil ala biziko garrantzia du. Horregatik, goibeltasun sakon, astun eta amaigabea sentitu dut Arrotxapeako gazte batzuen kontrako gartzela-zigorraren eskaera jakitean: hiru urte eta bederatzi hilabete, gaztetxearen aurkako kontzentrazioan parte hartzeagatik. Vladimir Putin zoro arriskutsua dela diotenek pentsatu beharko lukete noren esku gauden horrelako zigor-gartzelak eskatzen direnean. Eskandaluzkoak, baina eskandulua ez da sortzen, halere.