Bengoetxea, gutako azkena

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2022ko ots. 25a, 13:21

Bihar, Oinatz Bengoetxeak agur esango du. Ni bezalako zaleontzat, pilotari leitzarra gutako azkena da. Esan gabe doa, ez gara pilotariak, baina bai belaunaldi batekoa, frontoietan ibili garelako, ikusle, pilotari edo kazetariak izanik. Frontoian, norberak bere papera bete du, eta Oinatzek ederki bete du berea.

Gutxi batzuk gogoratuko dute, baina aurten Bengoetxea VI-aren lehen arrakastak 20 urte beteko ditu; nazioartekoa zen, gainera. Nafarroako Munduko Txapelketan, Labriten, urrezko domina irabazi zuen eskuz-banakako kategorian, partidu berezi batean. Javier Marin pilotari mexikarrari, 'Manos Locas' goitizena zuenari, 22-4 irabazi zion. Munduko txapelduna bihurtu zen Oinatz, baina aldageletan ez zegoen oso pozik. 18 urteko mutiko hark geroago izan duen nortasuna eta irabazteko grina erakutsi zuen orduan. Hala ere, Manos Locasi zoriondu zion, eta mexikarrak partidua horrela laburtu zigun bertan geunden kazetarioi: “Izugarri pozik nago. Ezin dut sinetsi; lau tanto egin dizkiot!”.

20 urte geroago, Oinatzek agur esango digu, bere kirol bizitzan 22 tantora aise iritsita. Frontoietatik kanpo, urrezko dominak irabazten jarraituko du, orduan Manos Locas-i irabazi zion bezain merezita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!