Pasa den astean, Ander Izagirre kazetari donostiarrak hitzaldi bat eman zuen Iruñeko Civicanen, eta beste batzuetan egin duen bezala, ekitaldia modu ironiko eta erakargarri batean iragarri zuen bere sare sozialetan (gaztelaniaz bakarrik egin bazuen ere…): “Azkenaldian -zioen Izagirrek txio batean-, Iruñean pairatu dute pandemia, uholdeak, hiru lurrikara, laino iraunkorra, Errealaren aurkako porrota.. eta orain ni”. Hau da, urtea hasteko Ander Izagirreren hitzaldi bat, beste hondamendi natural bat balitz bezala.
Jakina, Anderren hitzaldiak beti gozatzeko aukerak dira, baina kasu honetan Civican-en arduradunek erabaki zuten hondamendi baten erdian gaudela eta aforo oso txikia jarri zuten, liburutegi zabal baten barruan: leku soberan zegoen baina, hala ere, lagun asko kanpoan geratu ginen, sartu ezinean.
Tira, Anderrek zerrendatutako hondamendiak iazkoak dira, eta uste nuen hitzaldi horren bidez urtea modu alaiago eta baikorrago batez hasi nintzakeela, baina ez… Civican eta, modu zabalean, Iruñean kultur arloa kudeatzen dutenek erabaki dute ezetz: aurten ere, hondamendiaren erdian gaudela. Kultura barne.