Zapatero presidentea gogoan daukagu hainbat arrazoiengatik, baina inor gutxik gogoratuko du zein izan zen bere azkenetariko lege bat: Jokoa Arautzeko Legea, 2011ko maiatzean Kongresuan onartua. Ekimen hari esker, apostuak egiteko negozioak ugaritu egin ziren gure kaleetan eta, lehenbiziko adierazpenek kontrakoa esaten bazuten ere, Internet-en bidezko apostuak kontrolik gabe geratu ziren, adin txikiko guztien eskura, adibidez. Lege horri esker enpresa batzuk aberastu egin dira ludopatia arazo larriak eragitearen truke: beste adibide batzuen artean, Kirolbet, esku pilotaren enpresekin lotuta dagoena.
Ludopatia arazoak tratatzen dituen Aralar erakundeak askotan salatu du itxaron-zerrenda handia daukala, gehienak gazteak, gehienak langile auzoetakoak… Ze gaiztoa Zapatero hura, enpresen handien mesederako gure gazteak ludopatak bihurtuz… Ba tira, aste honetan Nafarroako Parlamentuak onartu du eskoletatik 300 metrotik baino hurbilago ezingo dela lokalak ireki, neurri ausarta edo eraginkorra balitz bezala. Aldiz, debekua 600 metrora handitzea edo tabernetan makinak jartzeko baimena ukatzea ez da onartu… Navarra Sumak, PSNek eta Geroa Baik apostu-enpresen interesen alde bozkatu dutelako.
Zapatero hartatik, Kirolbet-etik igaro, gure progresoaren Gobernura iritsi arte