Beti jakin izan dugu Madrilen elurra egiten badu, leku guztietan elurra egiten duela. Albiste guztietan, ordu guztietan, Madrileko berriak. Denok ezagutzen dugu M30, La Cañada Real eta Auzitegi Nazionalean sartzeko aldapatxo hura.
Egun, beste kokxa bat igo dugu: Madrileko Erkidego Autonomoaren hauteskundeak Espainia osoko hauteskundeak dira, eta matraka biderkatzen da, jasanezina bihurtzeraino. Zer esanik kiroletan: Real Madrideko txikikeriak interes orokorrekoak dira, aspalditik.
Aznarren apostua zen Distrito Federala sortzea, eta aitortu behar dugu bere helburua bete duela, beste askoren laguntzarekin.
Dena den, orain dela gutxi, Eibarko kaletik nihoala, telefonoz ari zen ondoko bati entzun nion: “Bai, Bilboko afueras-etan nago”. Harriturik begiratu nion, eta marmarka jarraitu nuen, agian Errege Koparen finalaren apokalipsia irudikatu ezinik. Kontrakoa zehazten ez bada, gure komunikabideetan eta gure eragile sozialen oharretan, dena Bilbon gertatzen da: Moyua, Jesusen Bihotza, Plaza Borobila… Nongoak? Bilbokoak, jakina.
Nafarroatik ikusita, gogaikarria izan daiteke, baina galdetu Lodosako bati zer gertatzen den Iruñeko txikikeriekin: gure hiriko afera domestikoak nafar guztiontzat interesgarriak dira? Takonerako animaliak, Aita Moret kaleko peatonalizazioa? Foru Plazan zerbait antolatzen bada, nork zehazten du Iruñeko plaza dela, kontuan izanik Nafarroako herri guztietan Foru Plazak badaudela?
Guk ere gure distrito federalak baditugu, Madrilekoa hain itogarriak ez badira ere.