Korralito Forala Reload

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2021ko mar. 25a, 11:40

Bost milioi euro diru asko da?

Horrela esanda, baietz esango genuke. Zenbat gauza eros ditzakegu (ikuspegi kontsumista batetik)?

Diru hori publikoa bada, zenbat zerbitzu hobetu ditzakegu (ikuspegi kolektibo batetik)? Gogoratuko duzuenez, orain dela lau urte, Amancio Ortegak (Zara-ko jabea) 5 milioi euro kostatzen zituen aparatu onkologiko batzuk oparitu zizkion Osasunbideari. Orduko lauko Gobernuak eskertu zuen magnate galiziarraren eskuzabaltasuna. Orduko eta gaurko Nafarroako Gobernuek, agian, ez dute 5 milio euro minbiziaren aurkako aparatuak erosteko, beraz, ez dugu demagogiarik egin behar.

Hala ere, atzo jakin genuenez, Nafarroako Gobernuak 5 milioi euro oparitu dizkio Audenasa enpresari, autopistatik kotxe gutxiago doazelako. Audenasako buruak, Victor Torres izeneko enpresari ekintzaile eta ausartak, diru publikoa eskatu zuen bere enpresaren zenbakiak borobiltzeko. Eta Nafarroako Gobernuak men egin zuen, interbentore publikoaren irizpidearen aurka. Kasu honetan, badirudi 5 milioi euro ez dela diru asko: poltsiko publikotik erori zaizkigu, ia konturatu gabe.

Alabaina, Audenasaren %50eko jabeak (putre-funts batzuk) bai konturatu dira, eta eskuzabalak izango dira opari hori lortu zuenarekin: Victor Torres, Audenasaren zuzendaria, Iruñeko zinegotzi-ohi frankista baten semea, eta Korralito Forala boteregunearen familiakoa. Betiko istorioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!