Berlanga ala Vaya Semanita?

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2021ko mar. 18a, 11:53

Aitortu behar dut aspaldian aspertu nintzela. Eguneroko albistegi politikoak jarraitzeak gogaitzen ninduen, eta urrunetik ikusten nituen betiko eztabaidak, polemika artifizialak eta tertulia zipotudoak. Bien bitartean, bizitza aurrera zihoan, eta momentu batetik aurrera deskubritu nuen unean uneko ez dakit zein politikariaren adierazpenak ez entzutea oso osasungarria izan zitekeela.

 Hala ere, azken egunetan distantzia hori puskatu egin da, agian betiko karruselean beste martxa bat sartu dutelako: azkarragoa, zoroagoa… eta zergatik ez? Dibertigarriagoa ere bada. Ez dakit non dagoen Espainiako politikagintzaren sekretua, baina susmoa daukat: oso pertsonaia onak daudenez, harrapatuta geratzen gara, kulebroi latinoamerikar edo turkiarretan bezala (intelektuala bazara, jarri hemen Netflix-eko Borgen edo Baron Noir telesailak).

 Ayuso eta Iglesias-en arteko talka, No pasarán, Faszismoa, Komunismoa, hitz potoloak eta kontzeptu dramatikoak daude hor… Villarejo eta Bárcenas korsarioak, Sánchezek bere altuera apolineo hortatik dena kontrolatzen; itzalean dagoen Iván Redondo xuxurlaka, Murtziako mafia… Berlanga ez zen gai izango trama hori asmatzeko, eta konparazioz, Vaya Semanita hirugarren mailako umorea dirudi.

Agian, horren dibertigarria da urrunetik ikusten dugulako, hain justu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!