Patxi Irurzunen azken liburua irakuri berri dut, eta Txantreako idazleak ez nau engainatu. Azpitituluan 'Euskal Rock Radicalaren eleberri bat' dela dio, baina gezurra da, eta berak badaki. Garai hartako pasadizo eta bizipenak tartekatzen ditu, oso modu entretenigarrian, bere umore garratz, sakona eta ezkorrarekin zipriztinduta. Baina hori dena beste aitzakia da benetan kontatu nahi duena kontatzeko. Oso idazle ona denez, ongi badaki idazterako orduan zure mamu pertsonalei aurre egin behar diezula, denon begien aurrean hauskorra eta biluzik agertuz. Azken finean, Patxik beti bere bizitzaz idazten du, mozorratuta bada ere.
Oso ausarta izan behar da horretarako. Idazteak ez luke erosoa izan beharko, eta irakurtzeak ere ez. Liburu batek artega eta deserosotasuna sortarazi behar du irakurleengan, eta hor dago klasikoen muina, Patxi Irurzunen liburuen meritua, hain zuzen ere.