Esparzak argitu du ez direla berriro ere PPrekin batera aurkeztuko hurrengo hauteskundeetara. Datozen foru eta udal hauteskundeetara begira genuen zalantza nagusia argitu da, gutxienez eskuineko hiru zerrenda ezberdin aurkeztuko dira Nafarroako Parlamentura eta Iruñeko Udalera: UPNrena, PPrena eta VOXena. Ikusteke dugu oraindik Ciudadanosek eta Sayas eta Adaneroren plataformak zer eginen duten.
Erabaki honen ostean, eta Nafarroako eskuina zehazki nola antolatuko den ez jakin arren, esan dezakegu Esparzak erabaki estrategiko bat hartu duela, berriro ere PSNrekin aliantzak eratzeko asmoz. PPrekin zuen aliantza hautsita, ez dago oztoporik PSNrekin akordioetara heltzeko, Madrilen PSOErekin egiten saiatu zen bezala.
Baina estrategia honek badu bere arriskua. PSNk ez badu norabidea aldatzen, hau da, ez badu UPNrekin aliantzarik egiten, eta ezkerrera begira egiten baditu akordioak, UPNk oposizioan jarraituko du Nafarroan, eskuineko beste alderdiekin lehiatzera behartuta, eta gainera udal asko arriskuan jarriko ditu, Iruñeko Udala kasu, non ezkerreko gehiengo bat egoteaz gain, lehen postua galtzea inoiz baino errealistagoa izanen litzatekeen.
Hauteskundeak arte ez dugu jakinen estrategia honek Esparzari fabore edo min emanen dion, baina, nire ustez, jokaldi honek, ongi kalkulatutako erabakia baino, gehiago ematen du mus partida galtzear duenaren hordago txar bat.