Urte berri on, entzule! Duela zenbait aste, giza eskubideen egunaren ingurumarian, Harro Plataforma, Bilgune Feminista, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia eragileek agerraldi bateratua egin zuten haien/gure/denon aldarrikapenak bateratuz.
Eta, egia esan, zer pentsa utzi zidan entzundakoak. Are gehiago, urte berriarekin gogo edo asmo berriak iragartzeko ohitura dugunez, 2020koak hor kokatu nahiko nituzke.
Urteetan, giza eskubideen urraketen aurka sutsuki lan egin izan eta lan egiten duten eragileok elkarri begiratu eta, neurri batean, antzeko parametroetan oinarritutako gizartea helburu dutela ohartu ziren. Konturatu ziren, bai, norberaren diskurtsoa oso ongi landuta duten elkarteak direla, eta zenbaitetan beste eragileen aldarrikapenetan kokatzeko arazoak dituztela. Halere, eskubideen urraketak bateratu eta elkarrekin bidea egiteko asmoa agertu zuten.
Argi dut eragile horiek bidea urratuko badute ere, norbanakook ere lanketa horrekin hasi behar dugula. Egia da, bai, gurean, askotan, hizkuntza-eskubideak bakardadean, edo behintzat, bakarrik aldarrikatu izan ditugula. Hartara, estrategia interesgarria da oinarrizko beste eskubideen defentsarekin elkarrekin lan egitea, eta enpatia hori jorratzea.
Horrexegatik 2020 urtean ohiko aldarrikapenez haratago, arrazakeriarik gabe, feminismotik, sexu aniztasunean eta euskaraz bizitzeko nahia erdigunean jarri beharra aldarrikatuko dut.