ETB3 ez da Nafarroa osora zabalduko

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2024ko ira. 1a, 21:29

Baina azkenean ezetz esan digu Nafarroako Gobernuak. Abuztuan jasotako idazkian, esan digu “ez dela posible bereizmen handiko bosgarren kanal bat emititzea”.

ETB3 EZ DA NAFARROA OSORA ZABALDUKO

 

2021eko azaroan, EH Bilduk honako hau esan zuen prentsaurreko batean: “2022a amaitu baino lehen, ETB 3 katea Nafarroa osoan emitituko dela ziurtatu du Espainiako Gobernuak, Euskal Herria Bildurekin lortutako akordioari esker”.

Ordea, ez da deus aldatu ordutik hona. 2021ean bezala, ETB3 gabe segitzen dute Lakuntzak, Lekunberrik eta beste hainbat tokik.

Urte hauetan, informazioa eskatu diogu Nafarroako Gobernuari, jakiteko zertan ziren ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko lanak. Jasotako idazkietan, azaldu izan digute posible zela ETB3 emititzea Nafarroako Gobernuaren multiplex autonomikoaren bidez. Ohikoena da gehienez 4 kate emititzea (eta jada 4 kate emititzen dira Nafarroako multiplexaren bidez), baina Espainiako Gobernuak baimendu zezakeela 5. kate bat (ETB3) emititzea Nafarroan.

Baina azkenean ezetz esan digu Nafarroako Gobernuak. Abuztuan jasotako idazkian, esan digu “ez dela posible bereizmen handiko bosgarren kanal bat emititzea”.

Gelditzen den aukera bigarren multiplex autonomiko bat ezartzea litzateke, baina Nafarroako Gobernuak ez du halakorik aurreikusi.

Umeek euskarazko edukiak izatea funtsezkoa da, familia euskaldunetan zein erdaldunetan; izan ere, bestela, erreferentzia horiek erdaraz jasoko baitituzte.

Gai honekin loturik, Kataluniako kasua ekarri behar da gogora:

2021. urtean, Katalunian Super3 haur eta nerabeen kateak oso audientzia txikiak zituen, haur eta nerabeen kateetan gutxien ikusten zena zen. Baina buelta eman zioten egoerari: 2022. urtean, Super3 itxi eta SX3 katea emititzen hasi ziren. Inbertsio handiak egin zituzten eta eduki erakargarriz bete zuten. Ohiko telebistan eta online ditu edukiak. Eta, hala, 2024. urtera iritsi, eta gaur egun gehien ikusten den katea da Katalunian, haur eta nerabeen kanalen artean.

Ongi legoke ETB3k bide bera egitea, baina ETBko zuzendari Unai Iparragirrek aitortu zuenez, buruan duten gauza bakarra da ETB3 ohiko telebistatik kentzeko aukera, eta edukiak Interneten bakarrik uztea (Berria egunkaria, 2021-7-21).

Beraz, hona hemen gure eskaerak: ETB3 emititzea Nafarroa osoan, eta ETB3k Kataluniako SX3ren bideari segi diezaiola. Euskararen transmisioa dago jokoan.

2024-09-01.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!