ZIZUR ZENDEAKO UDALAK MUZIN EGITEN DIO NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIARI
2016an, Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin zuen Zizur Zendeako Udaleko plantilla organikoa, euskarazko arreta emateko lanposturik aurreikusi ez zuelako. Ebazpen hartan, bereziki aipatu zuen Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna.
Ia zortzi urteren ondoren, Zizur Zendeako Udaleko plantilla organikoak berdin segitzen du (2024ko uztailaren 22an agertu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2024koa): 12 lanpostu ditu, eta lanpostu elebidunik ez dauka. Euskara meritu gisa baloratzen denik ere ez du aipatzen.
Erreniega Taldeak jarri eta irabazi zuen helegite hori, baina 2024ko plantilla organikoak ez du bere exekuzioa barneratzen.
Nolanahi ere, lotsagarria da Zizur Zendeako Udalaren jokaera. Euskaldunon hizkuntz eskubideak mespretxatzen ditu, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena paperezko panpinak egiteko erabili du.
2024-08-25.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.