Eusko Jaurlaritzan ere behar diren euskara eskakizunak ezarri!

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2024ko api. 14a, 13:52

Euskarazko arreta bermatzearen eta euskara administrazioan normalizatzearen alde dagoela adierazten du Eusko Jaurlaritzak; teoriatik praktikara eramateko aukera paregabea dauka orain, aurkeztutako errekurtsoa baietsiz eta beharrezkoak diren euskara eskakizunak ezarriz.

EUSKO JAURLARITZAN ERE BEHAR DIREN EUSKARA ESKAKIZUNAK EZARRI!

 

Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Herriko beste lurraldeetan ez bezala, euskara erabat ofiziala da erkidegoko lurralde osoan. Ofizialtasunari esker, herri-administrazioetan euskaldunon eskubideak bermatzeko eta euskara normalizatzeko neurriak hartu dira, tartean, lanpostuei euskara eskakizuna ezartzea.

Alabaina, Eusko Jaurlaritzak bere zenbait zerbitzu eta lanpostutan, euskarazko arreta emateko eta euskaraz lan egiteko beharrezkoa den baino maila apalagoa ezartzen du. Horren adibide dira ikastetxe publikoetako mendeko edo mandatarien lanpostuak, non D ereduko ikastetxeetan egon arren eta herritarrekin harreman zuzena izan arren, B1 baino ez zaien eskatzen eta, maila horrekin, elkarrizketa normala izateko aukera ez da bermatzen. Beste adibidea aholkulari juridikoena da, non horien lanaren berezitasunagatik C2 eskatzea beharrezkoa den, baina Jaurlaritzak gero eta gehiagotan C1era apaltzen du horien eskakizuna (Sail batzuetan ohikoagoa da), lan juridikoa euskaraz egitea oztopatuz edo ezinezko bihurtuz.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren lanpostu-zerrendaren azken aldaketari berraztertzeko aukerako errekurtsoa aurkeztu dio Administrazioan Euskaraz Taldeak, euskarazko arreta bermatu eta euskaraz lan egin ahal izateko bermea egon dadin. Euskarazko arreta bermatzearen eta euskara administrazioan normalizatzearen alde dagoela adierazten du Eusko Jaurlaritzak; teoriatik praktikara eramateko aukera paregabea dauka orain, aurkeztutako errekurtsoa baietsiz eta beharrezkoak diren euskara eskakizunak ezarriz.

2024-04-14.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!