TAFALLAKO UDALAK EZ DU ONARTU EUSKARARI BURUZKO GOMENDIOA
Tafallako Udalak 137 langile ditu, eta 4 lanpostuk soilik dute profil elebiduna: Haur Eskolako hiru hezitzaileek eta euskara teknikariak. Gainerakoetan, euskara merezimendu gisa ere ez da baloratzen.
Arartekoan kexa jarri genuen, eta, gaia aztertu ondoren, hauxe gomendatu zion Tafallako Udalari (Q23/73 espedientea):
“Herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala” (2023-4-28).
Ba berriki izan dugu Tafallako Udalaren erantzunaren berri. Tafallako Udalak ez du onartu Nafarroako Arartekoaren gomendioa. Esan du bere egoera soziolinguistikoaren arabera jada bermatua dagoela herritarrek administraziora euskaraz jotzeko eskubidea, euskara teknikariak itzultzaile lanak egin ditzakeelako.
Egia esan, gehiago espero genuen EH Bilduko udal batengandik.
2017an 43 udal sartu ziren eremu mistora, euren borondatez, besteak beste Tafalla. Baina, oro har, horrek ez du berekin ekarri ia inolako ondorio praktikorik.
2023-10-23.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.