Nafarroako Administrazio Auzitegiak agindua eta errieta Iruñeko Udalari

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2023ko ira. 25a, 00:01

UPNren esku dagoen Iruñeko Udalak bi hilabeteko epea du Donejakue Bideko parkearen errotulua ele bitan jartzeko.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIAK AGINDUA ETA ERRIETA IRUÑEKO UDALARI

 

2022an, Iruñeko Udalak erdara hutsean jarri zuen Donejakue Bidearen parke berriaren errotulua, Euskararen Ordenantzaren kontra. Errekurtsoa jarri genuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta arrazoia eman zigun. Orain, ebazpena betearaz dadila eskatu dugu, errotulua ele bitan jar dezala, alegia, eta hala agindu dio NAAk Iruñeko Udalari (164. Ebazpen Probidentzia).

Iruñeko Udala saiatu da ebazpena ez betetzen, eta horretarako alegatu du errekurtso bat jarria duela. Eta egia da, baina hori ez da aski ebazpen baten betearazpena eteteko: errekurtsoa jartzearekin batera betearazpenaren etetea eskatu behar zuen, eta, NAAk dioenez, “ez da jaso ez alegatu ere bide judizialean erabaki denik etetea NAAren Ebazpena”.

Bestalde, dirudienez, Iruñeko Udalak iradoki du Nafarroako Gobernuak udalen autonomia urratzeko erabiltzen duela Nafarroako Administrazio Auzitegia. Horren aurrean, NAAk oroitarazi dio “Nafarroako Administrazio Auzitegia dela Nafarroako eskumen historiko batek babestutako foru-erakundea (kasu berezia Espainiako ordenamendu juridikoan), eta autonomia funtzionalez diharduela”. Eta gehitzen du: “Defendatu nahi bada Nafarroari kentzea foru-eskumen historiko hau, proposamena ez zaio Administrazio Auzitegi honi zuzendu behar, baizik eta Nafarroako Parlamentuari”.

Errotulua ele bitan jartzea “diru-xahutze” bat litzatekeela gaineratu du Iruñeko Udalak. NAAk dio ustezko “diru-xahutzea” gertatzen bada ez dela NAAren erruz, baizik eta diru-xahutzea izanen litzatekeela “Iruñeko Udalaren ukoaren ondorio, uko egiten baitio betetzeari bere Udal Ordenantza”. Horretaz gain, hauxe dio: “Ulergaitza bada ere, Iruñeko Udaleko Alkatetzak segitzen du arlo honetan jarduten bere esku balego bezala nahieran ez betetzea aginduzko manu hori”. Oroitarazten dio, era berean, NAAren jurisprudentzia ezarri zela, honelako kasuetarako, NAAren 2022ko irailaren 29ko osoko bilkuran: halakoak ele bitan jarri behar dira.

Hala, UPNren esku dagoen Iruñeko Udalak bi hilabeteko epea du Donejakue Bideko parkearen errotulua ele bitan jartzeko.

2023-09-24.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!