Arartekoaren gomendioa Zaraitzuko eta Nabaskozeko Mankomunitateari

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2023ko eka. 18a, 22:02

Arazo hau ez da Navarra Sumak edo UPN-k kontrolpean duten udal handietara mugatzen. Eremu mistoko herri txiki askok eta Mankomunitateek gaiarekiko sentiberatasun falta handia dute. Espero dezagun Arartekoaren laguntzaz kontzientzia falta hori astindu eta pixkanaka gaia behar bezala araututa geratzea!

ARARTEKOAREN GOMENDIOA ZARAITZUKO ETA NABASKOZEKO MANKOMUNITATEARI

 

Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea 10 udalek osatzen dute: Ezkaroze, Espartza Zaraitzu, Galoze, Gorza, Itzaltzu, Jaurrieta, Nabaskoze, Otsagabia, Orontze eta Sartze. Denak dira eremu mistokoak, Nabaskoze izan ezik. Orotara, 1.500 biztanle inguru dituzte. Otsagabia da biztanle gehien dituena (500 inguru).

2022ko urriaren 24an onartu zuen 2022ko Plantilla Organikoa. 10 langile ditu: idazkari kontu-hartzailea, gizarte langilea, administrari laguntzailea, 6 familia-langile eta animatzaile sozio-kulturala. Postu elebidunik ez dago Plantilla Organikoan. Euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzeko xedapenik ere ez du.

Horrexegatik, 2022ko azaroaren 2an Administrazioan Euskaraz Taldeak eskatu zion Plantilla hori moldatzeko, euskarazko C1 maila ezartzeko idazkari kontu-hartzaileari, gizarte langileari, administrari laguntzaileari, animatzaile sozio-kulturalari eta gutxienez familia-langile bati, eta gainontzeko lanpostuetan euskaraz jakitea merezimendu gisa ezartzeko (% 10eko balioarekin).

Erantzun ezaren aurrean, eskaera kexa bihurtu zen Arartekoaren bulegoan, 2023ko otsailaren 8an.

Arartekoak gomendio hau eman dio 2023ko ekainaren 8an: Beharrezko neurriak har ditzala herritarrek Administraziora euskaraz jotzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko. Horretaz gain, oroitarazi dio herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta legearen arabera ebazteko duen legezko betebeharra.

Arazo hau ez da Navarra Sumak edo UPN-k kontrolpean duten udal handietara mugatzen. Eremu mistoko herri txiki askok eta Mankomunitateek gaiarekiko sentiberatasun falta handia dute. Espero dezagun Arartekoaren laguntzaz kontzientzia falta hori astindu eta pixkanaka gaia behar bezala araututa geratzea!

2023-06-18.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!