BURLATAKO UDALAK EUSKARAREN ORDENANTZA MURRIZTU DU
Burlatako Udalak, agintaldia amaitzear dagoenean, Euskararen Ordenantza aldatu du (2023ko martxoaren 28an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean). Navarra Sumak eta PSN-PSOEk gehiengo osoa dutenez, ezin zen onerako izan. Hauek dira aldaketa nagusiak:
- Euskaraz jakitea nahitaezkoa ez duten lanpostu guztietan, euskara meritu gisa puntuatzea aurreikusten zen orain arte. Hori desagertu da eta, beraz, aldaketa handien bezperan gaude.
- Euskara bultzatzeko ezarritako neurri batzuk desagertu dira: D eredua bultzatzea, haur eskolan euskarazko lerroaren onurak zabaltzea, euskararen sustapenerako herriko entitateekin hitzarmenak egitea, diru sarrerarik ez duten herritarrei euskara ikasteko doakotasuna bermatzea, udalarekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura, beste erakundeetan hizkuntza eskubideak bermatzeko ekimenak, udal ludotekan gaztelaniako lerrokoak euskarara hurbiltzeko ekimen dibertigarriak egitea, herritar euskaldunen fitxategia…
Plantilla Organikoan aldaketaren ondorioak ez dira samurrak izanen. Nahiko ona da Plantilla Organikoa (lanpostu guztiak hiru kategorietan banatuak ditu, euskaraz jakiteko derrigortasuna dutenak, euskara % 10 meritu moduan dutenak eta euskara % 5 meritu moduan dutenak). Murrizketa handia izanen du. Lanpostu pilo batean euskara meritu moduan desagertuko da. Horretan ari dira buru-belarri, hauteskundeak gainean izanik denbora izanen duten argi ez badago ere. Eremu mistoan Plantilla on horrek ekartzen zuen erreferentzialtasuna desagertuko da, beraz.
Laster hauteskundeak izanen dira. Ikusiko dugu herritarrek aldaketa horiek saritzen dituzten edo zigortu.
2023-04-02.
EUSKARAREN DEFENTSARAKO SAREA.