EUSKARAREN ATZERAKADA ZIZUR NAGUSIAN
Zizur Nagusiko Udalak Euskararen Ordenantza murriztu du urtarrilaren 26ko Osoko Bilkuran. Honako hauek bozkatu dute murrizketaren alde: Geroa Baik, EH Bilduk, PSOEk eta AS Zizurrek (Navarra Sumak are gehiago murriztu nahi zuen).
Hona hemen aldaketak:
1-Lehen, ordenantzak zioen lan deialdi GUZTIETAN baloratu behar zela euskara (baldin lanpostuak profil elebiduna ez bazuen). Orain, esaten da oposizio-lehiaketa guztietan baloratuko dela. Hau da, gerta daiteke lan deialdien %90 oposizio bidez egitea, eta, beraz, deialdien %90ean euskara ez baloratzea.
2-Lehen, ordenantzak zioen euskara jakitearen merezimendua %5 izanen zela, eta %10, jendaurreko lanpostuetan. Orain, esaten da gehienez %10 puntuatu daitekeela euskaraz jakitea. Beraz, posible da 0,01eko balioa ematea euskaraz jakiteari, adibidez.
Horretaz gain, esaten da txosten batek justifikatu beharko duela euskara baloratzea. Zergatik? Ba Nafarroako Administrazio Auzitegiak askotan kendu dituelako Zizurren lanpostu elebidunak eta askotan eragotzi duelako euskara merezimendu gisa baloratzea, argudiatuz ez zegoela aski justifikaturik.
Baina, Andoni Serranok (Geroa Bai) Osoko Bilkuran esan bezala, "euskararen balorazioa milaka txostenekin justifikatuta ere, Nafarroako Administrazio Auzitegia ez da pozik geldituko". Ez da bide egokia Nafarroako Administrazio Auzitegiaren euskarafobiari men egitea, baizik publikoki salatzea: Euskararen Foru Legearen 17. artikuluak eskumena ematen die eremu mistoko udalei lanpostu elebidunak sortzeko eta euskara merezimendu gisa baloratzeko. Horren kontra Nafarroako Administrazio Auzitegiak egiten duen guztia euskararen kontrako gerra legala da.
Bestalde, eta nahiz eta oraingoan ez dugun gaian sakonduko, Zizurko alderdi euskaltzaleei oroitarazi nahi diegu euskararen kontrako errekurtso bat jarria duela Zizurko Udalak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Epaitegian. Hedabideetan zalaparta izan zen, eta agindu zuen errekurtsoa kendu eginen zuela, baina oraindik ez du kendu.
2023-02-02.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.