Elkarretaratzea: STOP Nafarroako Administrazio Auzitegiaren euskarafobiari

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2022ko urr. 27a, 20:43

Zuri ere onartezina iruditzen bazaizu, zatoz azaroaren 4an (ostirala), 18:30ean, protesta egitera NAAren egoitzara (Ezkirotz karrikan, Iturrama karrikarekin elkartzen den tokian). STOP Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Euskarafobiari!

ELKARRETARATZEA: STOP NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIAREN EUSKARAFOBIARI!


Eskandalua da: Nafarroako Administrazio Auzitegiak lanpostu elebidunak debekatu ditu edo euskararen merezimendua kendu du Antsoainen, Atarrabian, Berriobeitin, Berriozarren, Lizarran, Orkoienen, Zizurren... Erasoa etengabea da. Hori justifikatzeko, Euskararen Legea aipatu du, besteak beste. Ba hona hemen zer dioen Euskararen Legeak eremu mistoko administrazioez:

“Erabilera eremu mistoan. Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko. Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea” (17. artikulua).

Euskararen Legea oso mugatzailea izan arren, sinestezina bada ere Nafarroako Administrazio Auzitegiak lege hori behin eta berriz urratzen du.

NAAren euskarafobiaren beste adibide garbi bat:

Herritar batek salatu zuen Iruñeko Udalaren sozietate publiko batek ez zuela Euskararen Ordenantza betetzen, eta NAAk, 2020ko martxoaren 10ean, 569. Ebazpenaren bidez, esan zuen ez zuela eskumenik sozietate publikoen gainean. Sei orrialdetan argudiatu zuen eskumen eza.

Bada, 2021ean, Navarra Sumak salatu zuen Berriozarko Berrikilan sozietate publikoak baztertu egiten zituela euskaraz ez zekitenak, eta NAAk besterik gabe eman zion arrazoia, 2021eko ekainaren 30ean, 1118. Ebazpenaren bidez.

Eta bi kasuetan, 3 mahaikidetatik 2 berberak ziren: Gabriel Casajús eta Raúl-Antonio Cruzado. Memoria arazoak al zituzten? (Oharra: NAAn ez dago epailerik, mahaikideek ematen dituzte ebazpenak).

Zuri ere onartezina iruditzen bazaizu, zatoz azaroaren 4an (ostirala), 18:30ean, protesta egitera NAAren egoitzara (Ezkirotz karrikan, Iturrama karrikarekin elkartzen den tokian). STOP Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Euskarafobiari!

2022-10-27.

EUSKARAREN DEFENTSARAKO SAREA.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!