MUSIKA ESKOLAK, D EREDUAREN LANA DEUSEZTATZEN
Zizur Nagusiko Udalak ez du euskarazko ikasketarik eskaintzen bere musika eskolan. Horrexegatik, hor diren 13 lanpostuetan ez dago bakar bat ere profil elebiduna duenik (2022ko apirilaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
2022ko apirilaren 11n plantilla organikoa aldatzeko eskaera egin zuen Administrazioan Euskaraz Taldeak: Lanpostu guztietan hizkuntz profil elebiduna ezartzea, etorkizunari begira euskarazko eskaintza egin ahal izateko.
2022ko abuztuaren 9an, Zizur Nagusiko Alkatea den eta Zizur Nagusiko Musika Eskolako presidentea den Jon Gondán Cabreraren erantzuna jaso dugu. Hona hemen, hitzez hitz: “Zizur Nagusiko Musika Eskolako plantilla organikoari dagokionez, Zizur Nagusiko Udalak ez du eskumenik”.
Hara! Hamaika ikusteko jaio gara: Zizur Nagusiko Udalak ez omen du eskumenik bere musika eskolan! Euskarazko ikasketak eskaintzeko erabateko borondate falta du.
Musika eskola gehienetara D eredua ez da iritsi oraindik. % 30 inguruko indarra du D ereduak Nafarroan, baina musika eskolek errealitate horri muzin egiten diote, eta D ereduaren indarra % 0 balitz bezala jokatzen dute.
Ez da Zizur Nagusiko Udalarena kasu bakarra. Eremu mistoan, jokaera bera dute Lizarrako, Garinoaingo, Garesko, Iruñeko, Barañaingo, Eguesibarko, Burlatako eta Atarrabiako udalek; baita Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak ere.
Musika eskolek D ereduak egiten duen lana deuseztatzen dute. Hara iristen diren D ereduko ikasleak erdarazko jardunean hasten dira, eta horrela musika ikasketak amaitu arte.
Bada garaia aipatutako udalek aspaldiko ohitura hori alda dezaten. Behar-beharrezkoa da. Hasteko, plantilla organikoak alda ditzakete, pixkanaka-pixkanaka behar diren deialdiak egin, eta euskarazko ikasketak eskaini.
2022-09-18.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.