ZIZUR NAGUSIKO UDALAK ERREKURTSOA, EUSKARA EZ PUNTUATZEKO
2021eko apirilean, Zizur Nagusiko Udalak ez zuen euskara jakitea baloratu atezainen zerrenda jakin bat eratzeko deialdian (2021eko apirilaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Herritar batek interpretatu zuen ez zela bete Zizur Nagusiko Euskararen Ordenantza, eta errekurtsoa jarri zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian. Hark arrazoia eman zion herritarrari, eta euskara puntuatu behar zela erabaki zuen (% 10eko balioarekin, lanpostuek jendearekin harreman zuzena dutelako), 2022ko apirilaren 25ean emandako ebazpenean (919. Ebazpena).
Bada, gutxi iraun du pozak. Zizur Nagusiko Udalak errekurtsoa jarri du aipatutako ebazpenaren kontra, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian.
Gogoratu behar da Geroa Baikoa dela Zizur Nagusiko alkatea, EH Bilduren eta AS Zizur elkartearen botoekin. AS Zizurko Javier Álvarez zinegotziak esan duenez, Gobernu Batzarrak erabaki zuen errekurtso hori aurkeztea, Geroa Bairen, EH Bilduren eta PSNren aldeko botoekin.
Pena da. Nafarroako Administrazio Auzitegiak askotan baliogabetu ditu eremu mistoko udaletan lanpostu elebidunak, eta askotan debekatu du, halaber, eremu mistoko udaletako lanpostu batzuetarako euskara baloratzea, hori dena Euskararen Legearen kontra (17. artikulua) eta udalen autonomiaren kontra. Zizur Nagusian bertan, adibidez, 2021ean Nafarroako Administrazio Auzitegiak erabaki zuen Udalak ezin zuela eskatu gaztelaniaz gain euskaraz jakin beharra idazkaria izateko eta gazteriaren arloko teknikaria izateko. Zizurko Udalak aurkeztu al zuen errekurtsorik ebazpen horren kontra? Ez da galdera erretorikoa, erantzuna jakin nahiko genuke. Pena litzateke euskararen arloan oraingo hau izatea lehenbiziko aldia errekurtsoa jartzen duena NAAren ebazpen baten kontra.
Laburbilduz: Zizur Nagusiko Udalak Euskararen Ordenantza urratu zuen lan deialdi batekin; orain, euskara puntuatu behar ez izateko errekurtso bat jarri du, eta, epaileek euskararekin izan ohi duten jarrera ezagututa, segur aski arrazoia emanen diote.
Ohituta geunden eragile euskarafobikoek borroka juridikoa egitera euskararen kontra, baina berritasuna (txarra) da alderdi euskaltzaleek ere hala jokatzea.
Zizur Nagusiko Udalari eskatzen diogu errekurtsoa ken dezala. Euskara berreskuratzeko itxaropenari eutsi nahi diogu.
2022-07-31.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.