NUP: LANPOSTUAK EGONKORTZEKO PROZESUAK EUSKARAZKO IKASKETAK ERAGOTZIKO DITU
Orain dela 10 urte, NUPeko Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordeak hizkuntz eskakizunak ezartzeko irizpideak finkatu zituen, hurrengo Lan Publikoaren Eskaintzetan kontuan izateko.
Orain 90 plaza aterako ditu NUPek oposizio-lehiaketara, lanpostuak egonkortzeko prozesu batean. Hala ere, konpromiso hura betetzeko asmorik ez du, LABek salatu duenez. Sindikatu batzuen aldetik helegiteak iris daitezkeenez, ez dago ausardiarik ez borondaterik hizkuntz eskakizunak jartzeko. Nafarroako Administrazio Auzitegiak eta epaileek emandako ebazpenen zehar-kaltea da hori.
Plantilla Organikoan lanpostuen % 5’86ri euskarazko hizkuntz profila ezarrita, Unibertsitatearen beharrak bete nahi dituzte, euskarari dagokionez. Ezinezko eginkizuna!
Alferrik da NUPeko Irakaskuntzaren Planean euskararen eskaintza estrategikoak aipatzea, Plantilla Organikoaren izaera iraultzen ez bada.
Ikasle euskaldunak badira NUPen. Euskarazko eskaintza egiteko irakasle euskaldunak falta dira, ordea. Gabezia non dagoen badakigu. Lanpostuak egonkortzeko 90 plaza ateratzea hizkuntz eskakizunik gabe ez da bidea.
Ez dezatela pentsatu oraingo Plantilla Organikoarekin, euskarari dagokionez, fundamentuzko zerbait eginen dela sinetsiko dugunik! Edozein planek hor dauka sinesgarritasunerako giltza.
2021-12-27.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.