NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIAK ORAIN DIO SOZIETATE PUBLIKOEN GAINEKO ESKUMENIK EZ DUELA
Iruñerriko Mankomunitateak lau hilabeteko fakturazioa bidaltzen die bere eremuko biztanleei, ur hornikuntza eta zabor bilketa zerbitzuengatik. Ele bitan egin behar du Euskararen bere Ordenantzaren arabera.
Hala ere, ez du hori behar bezala egiten, gaztelania hutsean baitaude kontzeptu batzuk: “Cuatrimestral”, “tercer cuatrimestre”, “consumo doméstico”, “cuota fija anual”, “cuota variable anual” eta abar.
Ordenantza horrek euskararen erabilera arautzen du “Iruñerriko Mankomunitateak” eta horren sozietate kudeatzailea den “Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.-k” egiten dituzten jarduera guztietan, eta bi pertsona juridiko horiek “Mankomunitatea” entitatearen barnean sartzen dira ordenantza horretan araututako ondorioetarako (lehenengo artikuluak dioenez).
Gauzak ez dira, ordea, diruditenak. Elebitasuna eskatzeko helegite bat aztertu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta bere betiko euskarafobia erakutsi du berriro.
2020ko martxoan esan zuen ez zuela eskumenik sozietate publikoetan, eta, beraz, ez zuela eskumenik Iruñeko Udaleko Pamplona Centro Histórico – Iruñea Biziberritzen SA sozietate publikoan, Euskararen Ordenantza aplikarazteko (zuzenbide pribatuak arautzen omen zuen).
2021eko ekainean erabaki zuen bazuela eskumena sozietate publikoetan, eta, hala, bazuela eskumena Berriozarko Berrikilan sozietate publikoaren gainean, eta baliogabetu egin zuen euskarazko arreta bermatzearen baldintza udal kiroldegiko tabernaren kudeaketa esleitzeko.
2021eko irailean, erabaki zuen ez zuela eskumenik sozietate publikoetan, eta, hala, ezin duela Iruñerriko Mankomunitateko Iruñerriko Zerbitzuak sozietate publikoa behartu bere Euskararen Ordenantza aplikatzera.
Hauexek dira gure ondorioak:
LEHENENGOA.- Iruñerriko Mankomunitateak ez du borondaterik bere Euskararen Ordenantza betetzeko, nahiz eta lehia politikoaren ondorioz Navarra Sumak hor agintea hartzea galarazi zuten.
BIGARRENA.- Nafarroako Administrazio Auzitegiak bere balizko eskumenak nahieran erabiltzen ditu, betiere euskararen eta euskaldunon aurka. Hori egiteko batere lotsarik ez du.
HIRUGARRENA.- Zertarako balio du Iruñerriko Mankomunitateko Euskararen Ordenantzak? Hori arau administratiboa da, baina ezin da betearazi Iruñerriko Zerbitzuak sozietate publikoan, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren arabera.
LAUGARRENA.- Iruñerriko Mankomunitatearen Euskararen Ordenantza tresna bat da herritar euskaldunoi adarra jotzeko, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak erakutsi dutenez. Bai, egoera surrealista da, baina erreala.
2021-12-08.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.