NAFARROAN MEDIKU IZATEKO: ALEMANA BAI, EUSKARA EZ
Fakultatibo espezialista izateko 283 lanpostu betetzeko deialdia egin du Osasunbideak (2020ko urriaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Osasunbideak beti baloratzen du hizkuntzak bere lan deialdietan: aurreko gobernuek alemana, frantsesa eta ingelesa balioesten zituzten Nafarroa guztian, eta ez euskara legeak "eremu ez-euskaldun" deitutakoan. Gobernu honek beste pauso bat eman du, eta eremu mistoan ere ez du euskara baloratzen. Eta, gainera, deialdi honetako lanpostu bakar batek ere ez du destinoa eremu euskaldunean. Beraz, ez da euskara baloratuko.
Osasunbidearen web-orriak dio "epaietan xedatutakoa betez" egiten dutela hori, baina ez da egia: Nafarroako Kontseiluak, Nafarroako Foru Komunitateko kontsulta organo gorenak, interpretatu ditu epaileek euskarari buruz emandako epaiak, eta honako hauek esan ditu:
"Ez da arrazoirik ikusten frantsesa edo ingelesa baloratzeko, adibidez, eta ez euskara, zeina, gainera, 'Nafarroako berezko hizkuntza bat' baita, eta herritar guztiek baitute hizkuntza hori jakiteko eta erabiltzeko eskubidea". "Gainera, Europako hizkuntza bakar bat ere ez dago posizio horretan".
(Nafarroako Kontseiluaren 7/2020 irizpena, otsailaren 24koa, 2/2020 espedientea).
Eta deialdian ez da esaten lanpostu horietako bakar bat ere elebiduna denik. Beraz, euskara ez da ez betebeharra, ez merezimendua ere. Alemanek suerte handiagoa dute Osasunbidean artatuak izateko.
Txibite lehendakariak, Nafarroaren egoerari buruz egindako hitzaldian, esan zuen: "Denok gara nafarrak, eta denok egiten dugu Nafarroa". Eta: "nahi dugu jendarte parekoagoa, pluraltasuna integratzen duena eta dibertsitatea aitortzen". Baina argi dago euskara eta Nafarroako euskaldunak traba garela harentzat.
Zaila da ikustea Gobernu euskarafobiko horretan daudela Geroa Bai eta Ahal Dugu, eta kanpotik sostengua ematen diotela EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak.
2020-11-04.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.