Iruñeko euskarazko haur eskolen defentsan

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2020ko urt. 30a, 23:54

Iruñeko Udalak Donibaneko eta Printzearen Harresiko euskarazko haur eskolak gaztelaniazkoak bihurtu nahi ditu eta Arrotxapeko Goiz Eder euskarazko haur eskolan gaztelenia-ingelesa eredua ere sartu nahi du.

IRUÑEKO EUSKARAZKO HAUR ESKOLEN DEFENTSAN


2020ko otsailaren 1ean, 13 orduetan, Iruñeko Udal Plazan, elkarretaratzea eginen da Iruñeko euskarazko haur eskolen defentsan.

Iruñeko Udalak Donibaneko eta Printzearen Harresiko euskarazko haur eskolak gaztelaniazkoak bihurtu nahi ditu eta Arrotxapeko Goiz Eder euskarazko haur eskolan gaztelenia-ingelesa eredua ere sartu nahi du.

2020ko urtarrilaren 23an Iruñeko Euskalgintzaren inguruan bildutako taldeek prentsaurrekoan arriskua iragarri zuten. Ea prentsaurreko horretako testuak erantzun on bat emateko akuilua den!

PRENTSA-OHARRA

Iruñeko euskal ereduko haur eskoletako gurasoak, euskalgintza eta LAB, ELA eta STEILAS sindikatuak gaude gaur hemen, haurrek euskaraz ikasteko duten eskubideak elkarturik.

Iruñean gaur egun dugun euskarazko eskaintza erdiestea ez da bide samurra izan. Guraso eta haur askoren ahaleginari esker lortu zen urte luzez ukatua izan zen oinarrizko eskubide batean aurrera egitea: gure seme-alabek euskaraz ikastea. Gauza jakina da ia 30 urtez Iruñeko Udaleko haur eskolen artean soilik bitan eskaintzen zela euskarazko aukera, eta bi haur eskolak Txantrean zeudela. Alegia, euskarazko plaza kopurua txikia zen eta hiriaren auzo bakarrean kokatua egoteak, hautu hori egiten zutenen egunerokoa zaildu egiten zuen: Arrosadian bizi den gurasoak Txantreara eraman umea haur eskolara, eta handik, Sanduzelaira joan lanera, esate baterako. UPNren Iruñeko Udalak urtez urte ukatu zuen eskaintza hori areagotzea, eskaerarik ez zegoela argudiatuz. Baina halaber, ez zuen biderik eskaintzen matrikulazioan adierazteko zer gurasok nahiko lukeen euskaraz matrikula egin. Errealitateari bizkar emanda eta hura ezkutatu nahian aritu ziren gai honekin, zoritxarrez.

2015eko Udal aldaketak ekarri zuen haur eskolen eskaintzan aldaketa: euskarazko eskaintza plazen %11 izatetik, %28 izatera pasa zen, 2 haur eskola izatetik 4 izatera, eta auzo bakarrean egotetik, Iruñeko 4 auzotan egotera (Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Arrosadian). Oraindik ere auzo guztietan euskarazko eskaintzarik ez dagoen arren (17 dira orotara dauden haur eskola publikoak), aldaketak erraztu egin du euskarazko ereduaren aldeko hautu hori egitea. Gainera, 3 urtetik aurrera gurasoek egiten duten hautuaren isla errealagoa ere bada: Nafarroan iazko ikasturtean %48,7 A eta D ereduan matrikulatu ziren. Alegia, haien txikientzat euskarazko irakaskuntza eskatu zuten matrikulatutakoen ia erdiek.

Baina Enrique Maiaren iraileko adierazpenek kezka eragin ziguten. Bere hitzetan, euskarazko eskaintza gehiegi dago (%28!!), 3 urtetik aurrerako matrikulazioetan, esan bezala, Nafarroan ia erdiek euskarazko hautua egiten duten arren. Berriz ere UPNk urtetan erabilitako mantra bueltan. Eta hitzez harago, ekintzek sortu digute kezka: euskararen ordenantza atzera bota izana, Eguberrietako haurrentzako eskaintzan egon den euskararen presentzia murritza, Pirritx eta Porrotxen emankizuna bertan behera utzi izana edo euskarazko hedabideak publizitate instituzionalik gabe uztea esaterako. Zertara hainbesteko tema Nafarroako berezko hizkuntzaren aurka? Euskaraz bizi nahi dugu, besterik ez.

Testuinguru honetan eta haur eskolen aurre-matrikulazio kanpaina ate joka dugularik, haur eskoletan gure seme-alabak euskaraz matrikulatzeko hautua egin nahi dugula adierazi eta haurrak matrikulatzeko garaian dauden gurasoak euskararen aldeko hautua egitera animatu nahi ditugu.

Euskaraz bizitzea da gure hautua. Gure eskubidea delako, bai, baina baita elebitasun errealak eleaniztasunerako jauzia emateko eskaintzen dituen abantailengatik. Bi hizkuntza ongi menperatuta, errazagoa da hirugarren bat ikastea. Eta Iruñean, batzuek ikusi nahi ez arren, bi hizkuntza modu egoki eta orokortuan irakatsi eta ikasi ahal izateko bide bakarra euskarazko murgiltze eredua eskaintzea da. Gure txikientzako hori da nahi duguna, eta hautu hori egin nahi duen orok aukera izaten jarraitzea. Gaur kezka bera duten gurasoak gurekin harremanetan jartzera animatu nahi ditugu. Horretarako helbide hauek erabil ditzakete:

Goiz Eder: goizedergurasoelkartea@gmail.com

Izartegi: izartegigurasoelkartea@gmail.com

Printzearen harresi: apymaprintzearen@gmail.com

Donibane: donibanehaureskola@gmail.com

Azkenik, otsailaren 1ean Iruñeko Udaletxe aurrean kontzentrazioa eginen dugu 13:00etan “Iruñean haur eskolak euskaraz” lemapean. Bertan ikusiko dugu elkar!!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!