“PLAYMOBIL FILMA” EUSKARAZKO PELIKULA, GOLEM LA MOREAN.
Bikoiztaile grebalariek akordio puntuala lortu dute film hau bikoizteko eta estreinatzeko.
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programari esker, abuztuaren 30ean iritsiko da gure lurraldeko zinemetara 'Playmobil filma” euskarazko pelikula.
Frantzia eta Estatu Batuen arteko koprodukzio hau bederatzigarren animaziozko filma da aurten Zinema Euskaraz programan. Egitasmo honen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak haurrei eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du, baita euskara sustatu ere, zinema komunikazio kulturalerako bitarteko gisa erabiliz.
Playmobil filma aurten 45 urte beteko dituen jostailu marka famatuan oinarritutako abenturazko film zirraragarria da. Lino DiSalvo zinemagileak zuzendutako pelikulak Charlie txikiaren istorioa kontatzen du. Charlie txikia Playmobileko mundu animatu magikoan bat-batean desagertzen denean, haren arreba Marlak bere bizitzako bidaia hasiko du hura etxera ekartzeko. Mundu sinestezinetan barneratu ahala eta ezinezko erronkak gainditzen dituela, Marlak Del sukaldari berritsua bezalako lagun berri eta dibertigarriak aurkituko ditu, Rex Dasher itxura oneko agente sekretu karismatikoa, bihotza baino ez den errobota, maitagarri xelebre bat eta askoz ere pertsonaia gehiago.