OSASUNBIDEA: ALEMANAK 5, EUSKARAK 0?
Berriki jaso dugu albiste ona: Tuterako Udala, hemendik aurrera, euskararen ezagutza baloratzen hasiko da, alemana, frantsesa eta ingelesa baloratzen dituen bezala (haiek adina behintzat), oro har hizkuntzak baloratzen dituenean. Nafarroako Gobernua ere orain dela hilabete batzuk hasi zen Nafarroako hegoaldean berdin jokatzen, Arartekoak askotan egindako gomendioei jarraikiz. Baina, nonbait, Osasunbidea, Nafarroako Osasun Zerbitzua, salbuespena dugu. Kontua da ezin dela jakin. Sistematikoki puntuatzen du aipatutako atzerriko hizkuntzen ezagutza, baina ez dakigu zer gertatzen den euskararekin Nafarroako hegoaldean, lan deialdietan ez baitu zehazten eremu horretan baloratzen den. Hori hala izanik, Nafarroako Arartekoak bi gomendio egin dizkio Nafarroako Gobernuari (Q18/862 espedientea): 1-"Eremu ez-euskadunean kokatutako lanpostuetara jotzeari dagokionez (kexa honen objektua horixe baita) berariaz adieraz dezala euskaraz jakiteak zenbat puntu balio duen", eta 2-"atzerriko hizkuntzen ezaguera aintzat hartzen bada, euskara jakiteagatik ematen den puntu-kopurua ez dadila atzerriko hizkuntza horiei emandakoaren azpitik egon". Bi gomendioak ere osotara arrazoizkoak izanik, seguru gaude Nafarroako Gobernuak men eginen diela.
2019-01-22.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.